Bizilagunek ohartarazi dutenez, Aldundiak Getxo eta Portugalete artean egin gura duen tunelak hainbat arazo eragingo ditu inguruan, hala nola kutsadura, zarata, Artatza-Romo institutuari kalteak eta Artatza parkea suntsitzea. "Honek kezkaturiko hainbat herritarrok proiektu hau bertan behera geratzea eskatzeko plataforma bat osatu dugu", adierazi dute inguruko hainbat bizilagunek, eta iragarri dute bihar, martxoak 19, 17:00etan, elkarretaratzea egingo dutela Artatza parkean, Subflubiala Ez plataforma aurkezteko.
Bizilagunek deitoratu dute 450 milioi euro inguruko kostua izango duen azpiegiturak ez dituela inguru horretako trafiko-arazoak konponduko, ezta garraio jasangarria edo ingurumena babestuko ere, eta bertako bizilagunak kaltetuko dituela. Gauzak horrela, iragarri dute mobilizazioak eta erakunde publikoakaz eta alderdi politikoakaz elkartzen jarraitzeko asmoa dutela.