Itsasadarreko tunelaren proiektua geldiarazteko plataforma aurkeztu dute

Ander Zarraga 2024ko mar. 20a, 13:07

Dozenaka herritarrek parte hartu zuten atzo Artatza parkean egin zuten Subflubiala Ez plataformaren aurkezpenean. Bertaratutakoek proiektuak inguru horretan eragingo dituen kalteak zerrendatu zituzten eta egitasmoa bertan behera geratu arte mobilizatzeko prest azaldu ziren.

Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpian egin gura duen tunelaren proiektuaren aurka daudela adierazteko bat egin zuten atzo jatorri askotako dozenaka herritarrek. Artatza parkean batu ziren Subflubiala Ez plataforma aurkeztu eta beraien arrazoiak zerrendatzeko, eta hurrengo asteetan mobilizazioak egingo dituztela ere iragarri zuten: apirilaren 28an bizikletada bat egingo dute eta ekainaren 15ean manifestazioa.

Atzoko elkarretaratzean ohartarazi zutenez, Aldundiak hurrengo irailean hasi gura ditu lanak, eta horiek gutxienez lau urte iraungo dute. "Horietan, Artatza parkeko 3,5 hektarea inguru kaltetuko lirateke, oinezkoentzako lurpeko hiru pasabide kenduko lirateke, Artaza-Romo Institutuko patioaren zati bat hartuko litzateke, eta zarata eta kutsadura (indusketak, kamioien trafikoa...) nabarmen handituko lirateke, besteak beste", iragarri zuten deitzaileek.

Halaber, deitoratu zuten 450 milioi euro baino gehiagoko kostua izango duen proiektuak berak aitortzen duela inguruko trafikoa % 33 areagotuko duela, eta garraio pribatuaren erabilera bultzatuko duela, garraio publikoari eta bizikletari lehentasuna eman beharko litzaiekeen bitartean. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun