Etxeko animalien ongizatea, babesa eta edukitze arduratsua bermatzeko araudia eguneratu dute

Ander Zarraga 2024ko eka. 18a, 08:00

EUDEL-ek sortuta ordenantza hau gomendioa da, udalek beraien errealitateari dagokion araberako egokitzapenakaz aplikatu dezaten.

EUDEL-ek etxeko animalien inguruko udal-ordenantza berria aurkeztu du ekainean, 2006tik indarrean zegoena eguneratzeko eta udalek dituzten eskumenak garatzeko helburuagaz. Horregaz, animalien jabeen betebeharrak eta debekuak areagotu dituzte, udalek eskumen handiagoak izango dituzte animalien ongizateari buruzko araudi berriak aplikatzeko eta 100 eurotik 100.000 eurora doazen zehapenak aurreikusten dira.

Euskadiko Udalen Elkarteak etxeko animaliak babesteko 9/2022 legean eta animalien eskubideak eta ongizatea babesteko 7/2023 legean jasotako udal-eskumenak zehaztu eta garatzen dituen ordenantza garatu du. UDELEn baliabide guztiak bezala, ordenantza hau gomendio bat da, udalerri bakoitzak bere errealitate espezifikora egokitu dezakeena.

Besteak beste, ordenantza honek 100 eta 3.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu arau-hauste arinetarako, hala nola kakak ez jasotzea eta pixak ez garbitzea, eta 100.000 eurora arte arau-hauste oso larrien kasuan, besteak beste, tratu txarrak edo mutilazioak.

Ordenantzaren aplikazio-eremua etxeko animaliak dira, batez ere txakurrak, katuak eta hudoak, baita animalia laguntzaileak, hala nola artzain txakurrak, erreskatekoak eta exotikoak ere. Hala ere, beste administrazio batzuen eskumenekoak izateagatik arauditik kanpo utzi dituzte ehiza, arrantza eta abeltzaintza, izurriteen kontrola, animalien merkataritza eta salmenta, gune zoologikoak, tauromakia eta ikuskizun publikoak edo lagunarteko animaliakaz egindako jolas-jarduerak.

Isunak eta debekuak

Ordenantzak ohartarazpen edo isun arau-hauste arinak ezartzen ditu, 100 eurotik 3.000 eurora bitartekoak, honako arrazoi hauengatik: mina, beldurra edo estresa eragiteagatik;, txakurrak eta katuak transmititu aurretik ez esterilizatzeagatik; behar ez bezala garraiatzeagatik; albaitaritza-tratamendurik ez emateagatik; krudelkeria-eszenak filmatzeagatik edo argazkiak ateratzeagatik; bide publikotik gorozkiak ez kentzeagatik edo hiri-altzarietako pixak ez garbitzeagatik.

Era berean, 3.001 eta 10.000 euro bitarteko isunak ezartzen ditu arau-hauste larrietarako, hala nola lesioak, tratu iraingarria, zozketak edo publizitate-helburuak dituzten dohaintzak, albaitariaren laguntzarik ez emateagatik, animalia katu edo hudoa denean 24 ordu baino gehiago bakarrik uzteagatik edo txakurra denean 12 ordu baino gehiago bakarrik uzteagatik, eta animalia aireztapenik gabeko ibilgailuetan edukitzeagatik.

Arau-hauste oso larrien artean, 10.001 eta 100.000 euro bitarteko isunak barne hartzen dituztenak daude. Hauek dira: albaitariaren kontrolik gabe tratu txarrak ematea, mutilatzea, hiltzea edo esterilizatzea, animalia modu iraunkorrean lotuta edukitzea, zigor-lepokoak erabiltzea, edo alkohola, drogak edo botikak ematea.

Halaber, bizikidetza arduratsua bultzatzeko helburuagaz, besteak beste, ordenantzak berariaz debekatzen du etxeko animaliakaz haur-jolasguneetara, kirol pistetara, elikagai-saltokietara sartzea edo iturri apaingarrietan bainatzea. Gainera, zehaztu du udal bakoitzak zehaztuko dituela txakurrak aske egon daitezkeen ordutegiak eta eremuak.

Katuen koloniak

EUDEL-en ordenantzak ezartzen du udalen eskumena dela udalerri bakoitzean erkidegoko katuen populazioa kontrolatzea. Horretarako, CER metodoa erabiltzeko gomendatzen du, hau da,  harrapaketa, esterilizazioa, markatzea eta itzulera. Halaber, horregaz batera, katu-koloniak kudeatzeko programak ere garatu beharko dira. horregaz batera, Katu Komunitarioen Udal Errolda sortzeko ere aholkatzen du, udalek onartutako katuen koloniak inskribatzeko.

Osasun publikoari dagozkien neurriei dagokienez, EUDEL-en ordenantzak ezartzen du partikularrek ezin izango dituztela beraien kontuz hildako animalien gorpuak ehortzi, ezta zaborrontzietan utzi ere. Udala, edo animalia kentzeko izendatutako enpresa, jabeagaz harremanetan jarriko da, eta hark ordainduko du kostua. Era berean, debekatzen du elikagaiak bide publikoan uztea animaliei jaten emateko, Udalak eta horretarako ardura duten pertsonek aitortutako kolonien kasuan izan ezik.

Azkenik, Udalari dagokio galdutako edo abandonatutako animaliak bide publikotik jasotzea. Gainera, legez eratutako eta erregistratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteakaz hitzartu ahal izango du Udalak animaliak babesteko eta defendatzeko jarduerak egitea edo arduraz edukitzeaz kontzientziatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun