Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaien egitarau osoa, hemen.
Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaien kuadrillen lehiaketan beteranoak dira Mandangax taldekoak. 2012tik daramatzate horretan parte hartzen, eta urte hartan kide asko ziren arren, gaur egun 5-7 lagunek baino ez dute lehiatzen. Aitortzen dutenez, beste kide batzuk dituzte laguntzen, eta egoera horrek ez die trabarik egin garaikurra altxatzeko, iazkoa hirugarren aldia izan baitzen txapeldun gelditzen zirela. Horretarako gakoa: "Ondo pasatzea. Pentsamolde horrekin parte hartzea dela garrantzitsuena konturatu gara". Hala, hori buruan dutela, ez dute dudarik aurten ere gauza bera egin dezaketela, urtero legez gozatzeko irtengo baitira kalera auzoko festetan, egunez zein gauez, egunero eta orduero Mandangaxeko kideren bat aurkitu baitaiteke kalean, azpimarratu dutenez.
"Jaiak primerakoak dira, eta Kuadrillen Eguna ospakizunotako egunik onena da; horretan gogotsuago parte hartzen dugu"
Kuadrilla honetako lagunek 35 urte inguru dituzte, eta mutilak nagusi diren arren, emakume batek ere parte hartzen du haiekaz probei aurre egiteko: "Lehenengo urtetik talde mistoa gara. Zoritxarrez, azken urteotan neska bakarra dago, baina mutilak baino balio gehiago du!".
Jai-batzordearen lana goraipatzen dute, eta hamarretik 11ko balorazioa egiten diote, "horien lana guztiz beharrezkoa" delako, baina azpimarratu dute oraindino ere jende gehiago behar dela festak aurrera eramateko, baita Udalaren laguntza gehiago ere.
Egitarauko ekitaldiren bat aukeratu beharko balute zein izango litzatekeen galdetuta, argi dute: txosnetako txanda, "guztion laguntzarekin batera aurrera eramaten ditugulako". Ildo horretan, herritarrak eta bisitariak gonbidatu dituzte Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaietara gerturatzeko, eta auzokideak horietan parte hartzeko, "kuadrillekin harremanak indartzen ditugulako egun horietan".