Zer dela eta erabaki duzu Ni ikastola XXI.mendeko ikastolen historia sozial bat liburua idaztea?
Behin ikastolen elkartean egin nuen ibilbidea amaituta, ikastolen mugimenduko arduradun goren gisa izan nituen bizipen guztiak liburu batean jasotzeko nolabaiteko beharra sentitzen nuen. Gainera, ez da liburu askorik idatzi ikastolen historiari buruz, eta argitaratuta dauden bakanetatik ia guztiek ikastolek arlo pedagogikoan egindako ekarpenak dituzte ardatz… eta praktikan, bakar bat ere ez dago mende honetako ikastolen historiari buruzkoa. Eremu horretan hutsune handi bat zegoela sentitzen nuen, eta egoera horri buelta eman nahi nion neurri batean. Horregatik, XXI. mendean ikastolen mugimenduan gertatutakoari buruzko nire ikuspegi pertsonala eman nahi nuen, ikastolek gizartean egiten duten ekarpenean zentratuz.
Irakurleek zer aurkituko dute horretan?
Bereziki, XXI. mendeko ikastolen historiaren inguruko hausnarketa pertsonala da. Mende honetako ikastolen mugimenduko gertakari garrantzitsuenen errepaso sakon bat da, garai horretan izan nuen ikastolen elkarteko lehendakari posizio pribilegiatutik eginda. Horretarako, material propioaz baliatu naiz, baita ikastolen mugimenduko publikoa egin den materialaz ere.
Liburu honen beste ezaugarri bat da, kronologikoki idatzita dagoen arren, modu ezberdinetan irakur daitekeela, hasieratik amaierara, baina kapituluka edo atalka irakurtzeko aukera ere ematen du, kapitulu bakoitza XXI. mendeko ikastolen historiaren fase bati eskainita baitago. Era berean, kontsulta-liburu bihurtu daiteke ikastoletan mende honetako garai edo eremu jakin batean zer gertatu zen jakin nahi dutenentzat. Eta hedaduraz, Euskal Herriko hezkuntza-sisteman XXI. mendean gertatutakoa kontsultatzeko.
"XXI. mendea garai konplexuagoa izan da. 1993ko publifikazio prozesuaren ondoren, publiko-pribatu dikotomia etengabe mahi gainean egon delako. Jende askok eskola pribatutzat jo ditu ikastolak, irabazi asmoekin eta elitistak. Garai zailak izan dira gizartearen aitortza jasotzeko".
Liburuan diozu ikastolen onarpen sozialerako garai zailak izaten ari direla, zergatik?
Bai, ikastolen inguruan egindako liburu gehienetan garai epikoak lantzen dira. Garai epiko horien oroitzapenak diot, bai bizi zen egoera politiko gogorragatik, bai ikastolek euskarari eta euskal kulturari emandako bultzadagatik, baita denboran urrun egoteagatik ere, euskal gizarteak baldintzarik gabeko onarpena eman zielako ikastolei.
Baina XXI. mendea garai konplexuagoa izan da, 1993ko publifikazio prozesuaren ondoren, publiko-pribatu dikotomia etengabe mahai gainean egon delako. Jende askok eskola pribatutzat jo ditu ikastolak, irabazi asmoekin eta elitistak. Garai zailak izan dira gizartearen aitortza jasotzeko.
Zuk 17 urte eman dituzu ikastolen elkarteko presidente lanetan, uste duzu onarpen sozialaren alorrean gehiago egin zenezakeela?
Argi dago gehiago egin nezakeela ikastolen onarpen soziala hobetzeko, batez ere komunikazio-eremuan. Ikastolen mugimenduak egindako ekarpen pedagogiko eta sozial guztien inguruko informazio eta gizarteratze-prozesua ez genuen behar zen neurrian egin; ez ginen gai izan guzti horren inguruan transmisio egokia egiten. Lorpen garrantzitsu batzuk ez ziren gizarte osora iritsi, ezta ikastoletara eta ikastolakideengana ere. Agian, gehiegitan egon ginen barrura begira eta, momentu batzuetan, ez genuen jakin nola azaldu, nola gizarteratu gure posizionamendua.
17 urte horiek askorako emango zuten, nolako balantzea egiten duzu?
Oso positiboa noski. Hainbeste denbora egon banaiz nahi izan dudalako izan da! Ohore handi bat izan da ere. Barnera begira, helburu garrantzitsuenak lortu dira, Euskal Herriko Ikastolak, Europar Kooperatiba Elkartea sortu genuen eta Juridiko eta sozietarikoki hartutako erabakia gauzatu da. Erabaki honekin, lurraldetasun kontzeptua gainditu nahi genuen, Euskal Herriko ikastola guztiak bazkidetza eta partaidetza zuzenaren bitartez, elkarte bakar batean biltzeak, batetik, eta ikastolei zuzendutako hezkuntza-zerbitzuak euskal lurralde guztietako ikastolen artean eraikitzea, bestetik. Zaila izan zen hasieran, baino, gaur egun, EHI kontsolidatua dagoela esan daiteke. Bigarren elkarte garrantzitsua jarri genuen abian tarte honetan: Elkartasun Kutxa Nazionala, Elkartasun Ikastolak izeneko europar kooperatiba berria. Arlo pedagogikoan, Euskal Curriculuma gelara eramateko konpromisoa hartu genuen eta lortu ere.
Kanpora begira, Euskara eta euskaldun hezkuntzaren garapena sustatzen duten gizarte-erakundeetan (Kontseilua, Euskal Unibertsitatea, Gaindegia), ekimen (Puntueus, Errigora, Bizipoza, Euskararen marka, Euskaraldia) eta erakundeetan aktiboki esku-hartu dugu. Era berean, arlo honetan diharduten erakundeekin (AEK, Bertsozaleen Elkartea, Elkar, Irrien Lagunak) gure harremanak sendotu ditugu eta akordioak lortu ere.
Publikotasun herritar berri baten inguruko eztabaida tarte luze honetan indarrean egotea lortu dugu, hezkuntza eragile, sindikatu eta alderdi politiko guztiek horren inguruan duten jarrera ia ezer aldatu ez bada ere.
Atzera begiratzerakoan pozik nago, bai, eta baita harro egindakoarekin. Jakinda ere, urte hauetan guztietan ziur nago batek baino gehiagok ez duzuela partekatu esan edo egin dudan zerbait.
Bestalde, liburuak ikastolek eremu pedagogikoan egindako ekarpena ere aipatzen dituzu, zeintzuk dira?
Liburua mende honetako ikastolen historia sozialean zentratzen da, ez nuen azken 25 urteetako ikastolen mugimenduaren ekarpen pedagogikoetan zentratu nahi, baina bistan da ekarpen horiek beren lekua izan behar zutela. Horien artean euskal curriculumari eskainitako tartea nabarmentzen da. Bereziki nola lortu genuen gelara eramateko konpromisoa betetzea beste eragile batekin elkarlanean arituz, Elkarrekin bereziki, horretarako Ikaselkar sortuz. Baina liburutik pasatzen dira ere ikastolen hizkuntza-proiektua eta ikastolen elkartearen lorpen desberdinak eleaniztasunaren esparruan, bertsolaritza proiektua ere agertzen da, Xabiroi, ikastolek euskarazko komikigintzari egindako ekarpena, Lur eta Amets proiektua eta eskola jazarpenari aurre egiteko proiektua, KIVA…
Nola deskribatuko zenuke ikastolek euskal gizarteari egin dioten ekarpena?
Ikastolen mugimenduarena historia bizia izan da, bizia eta soziala. Izan ere, herritik sortu eta herritarrekin elkarrekintzan aritu diren ikastolak eta euskal gizartea elkar elikatze baten historiaren subjektuak dira. Unean uneko gizarte-bizitzak ikastoletan eragin izan duen bezala, ikastolen ibilbidea ekarpen iturri iraunkorra izan da Euskal Herriarentzat. Liburuan, mende honetan zehar ikastolen mugimenduak euskal gizarteari egin dion ekarpenaren adibide ugari biltzen ditut. Ikastolen ekimenez sortu diren proiektuetatik hasi eta beste gizarte-erakunde batzuekin aktiboki inplikatu garen proiektuetara iritsi arte.
"Ez gara hezkuntza-arloko erakunde hutsa, beste gizarte mugimendu eta eragileekin batera agertzekoa eta akordioak lortzeko ahalmena erakutsi dugu beti, bereziki euskalgintza eta kooperatibagintza arlokoak".
Horrez gain, zeintzuk esango zenuke direla ikastolak hezkuntza publikoagaz alderatuta dituen abantailak?
Ikastolek gure herrian indarrean dagoen eredu publikoarekiko dituzten abantailak neurri handi batean titulartasunarekin eta bere "erabilerarekin" lotuta daude. Zertarako nahi dugu ikastolok gure ikastetxeen titulartasuna? ikastetxearen erabaki nagusiak hezkuntza-komunitate osoaren eskuetan egoteko, hau da, hezkuntza proiektua egiteko eta garatzeko, bere barne antolaketa definitzeko, bere baliabideen kudeaketa propioa izateko, langileriaren kontratazioa ikastetxe bakoitzeko batzordeen bitartez egiteko…
Gure eredua indartu behar dugula pentsatzen dugu, baino, era berean, ideia ez da horrenbeste guk gurea indartzearena bestea kontuan hartu gabe, gure eredua indartu behar dugu hori ona izango delako administrazioaren ikastetxearentzako. Iruditzen zait gure eredua badituela hainbat ezaugarri estatu administrazioa modernizatzeko neurrian pista oso interesanteak eman ditzaketenak… autonomia, autoeraketa, gobernantza eredu berritzailea…
Azken finean publikotasuna "publiko-herritar" ikuspegian kokatzen dut, ez ikastetxearen titulartasunari lotua, hau da, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatzeko. Ikastetxe bat publikoa izateko ez dela ezinbesteko baldintza administrazioaren titulartasunekoa izatea.
Hezkuntza legea zeresan handia eman du azkenaldian, hori ere azalduko da zure liburuan?
Bai, EAEko hezkuntza legea egiteko prozesua xehetasun handiz jasotzen dut nire liburuan. Euskal Hezkuntza Sistema berri baterako bidea irekiko zuela eta indarrean zegoen Eskola Publikoaren Legearekiko aurrerapauso handia izango zela pentsatzen genuen. Prozesu osoan zehar uste nuen, uste genuen, zerbait berria eraikitzeko borondatea zegoela, uste nuen aurrera egin zitekeela bai publikotasun berri baten definizioan zein euskararen normalizazioaren bidean, eta, azkenean, aurrerapausoak eman beharrean, uste dut zenbait gaitan geldirik geratu edo atzera egin duela.
Ikastolok modu aktiboan parte hartu genuen hezkuntza legea egiteko prozesuan, jarrera eraikitzailearekin, Euskal Herriko hezkuntza eragileon gaitasunean eta konpromisoan sinisten dugulako. Baina Hezkuntza sistema berri baterantz egin nahi genuen bidean adostasunak lortzea ezinbestekoa zen eta horretarako alde guztiek egin behar zuten ahalegin berezi bat. Eta azken hau ez zen gertatu.
Zure bigarren liburua da, Neure Jugoslavia, hain ulertu gabea liburua argitaratu ostekoa. Bien arteko loturetako bat kooperatibismoa izan daiteke?
Bai, ez zen kasualitatea izan lehen liburu horretako kapituluetako batek "Hezkuntza-sistema, autogestionatua eta herrikoia, ezaguna egiten zaigu!" izenburua izatea. Bai, Jugoslaviako Hezkuntza Kooperatibak, bai Euskal Herriko Ikastolak, hezkuntzaren eremuko behar sozial bati erantzuteko sortu ziren eta komunitate logiketatik, herritarren arteko elkar lotura horizontaletatik, eratortzen ziren beste balio batzuk elkartasuna, lankidetza, auzolana bultzatzen zuten erakundeak dira. Bi herrialdeen arteko distantzia, geografikoa bai, baina baita historikoa, politikoa eta kulturala ere, ez zen oztopo izan hezkuntzaren esparruan antzeko konponbideak emateko. Harritu egin ninduen horri buruzko lehen berria izan nuenean, eta bi sistemen arteko antzekotasunek eragindako harridura hori Jugoslaviako hezkuntza sistemaren hausnarketan urteetan sakontzen jarraitu izanaren motorra izan zen.
Azken batean, Jugoslaviako ikastetxeetako lana eta kudeaketa antolatzeko arauak autogestionarioak izan ziren funtsean. Izen desberdinekin, baina ikastola baten funtzionamendua ezagutzen duen edonork antzeman ditzake organo horiek eta haien funtzioak, ikastolarenak balira bezala.