Atzo, martitzena, Artatza parkean egin zuten agerraldian, Subflubiala Ez plataformako kideek aste-akabuan gune horretan egingo dituzten ekintzen berri eman zuten; besteak beste, kontzertuak, herri-bazkaria, azoka eta hitzaldiak egingo dituzte.
Horregaz batera, plataformako kideek Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektuaren aurka dituzten argudioak ere gogoratu zituzten. Batetik, ohartarazi zuten lanek eragin nabarmena izango dutela Artaza parkean eta bertan dagoen Artatza-Romo Institutuari zuzenean eragingo diotela, baita inguru horretako bizilagunei ere, kamioien eta makinen zarata eta trafikoa nabarmen areagotuko baitira. "Ikastetxearen biziraupena bera ere zalantzatan jarri ahalko luke azpiegitura honek, matrikulazioak nabarmen jaitsiz", adierazi zuten plataformako kideek.
Bestetik, salatu zuten proiektu horretarako 450 milioi euro baino gehiago "xahutuko" dituztela, eta garraio publikoari eta bizikletari lehentasuna eman beharrean, egitasmoak auto pribatuaren erabilera bultzatuko duela, "proiektuak berak onartzen baitu trafikoa %33a handituko duela".
"Energia eta material eskasia gero eta handiagoa den testuinguru honetan, makroegitura berrien eraikuntza trantsizio ekologikoaren eta zentzu komunaren aurka doa. Beharrezkoa da neurriak hartzea CO2 emisioak ahalik eta gehien murrizteko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko", deitoratu zuten bukatzeko.