Subflubiala Ez herri-plataformako kideek egindako deialdian gogoratu dute Aldundiak 2024ko abenduan abiarazi gura dituela lanak, eta horiek gutxienez lau urte iraungo dutela. Horregaz batera, proiektu honen kontra dituzten hainbat argudio ere zerrendatu dituzte.
Batetik, ohartarazi dute lanek eta proiektuak eragin nabarmena izango dutela inguru horretan eta bertan bizi diren herritarren bizi-kalitatean; besteak beste, Aldundiak berak onartu duen bezala, trafikoa % 33 areagotuko baita zonalde horretan. Horrez gain, aipatu dute obrek Artatza parkearen 3,5 hektarea inguru kaltetuko diotela, oinezkoentzako hiru pasabide ezabatuko dituztela, Artatza-Romo institutuko patioaren zati handi bat hartuko duela eta indusketek eta kamioien trafikoak kutsadura eta zarata eragingo dutela.
Bestetik, plataformako kideek salatu dute "garraio pribatuaren erabilera bultzatzen duten makroproiektu" horretan 450 milioi euro "xahutu" beharrean, garraio publikoa eta bizikleta izan beharko liratekeela lehentasuna. "Bizi dugun larrialdi klimatikoari aurre egiteko egin behar dugunaren kontrakoa, hain zuzen ere", adierazi dute.