Subflubiala Ez plataformak Aldundiko arduradunak gonbidatu ditu proiektuari buruzko eztabaida publiko batera

Ander Zarraga 2024ko aza. 11a, 10:12

Plataformak hainbat ekintza egin ditu proiektuaren kalteen inguruko argudioak plazaratzeko.

Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren aurka dagoen plataformak ohartarazi duenez, herritarrek kezka handiak dituzte azpiegiturak izango dituen eraginen inguruan: trafikoa, kutsadura eta eremu publikoetan eta inguruko ikastetxeetan kalteak. Hori dela eta,  Elixabete Etxanobe diputatu nagusia, Carlos Alzaga Garraio diputatua eta Imanol Pradales proiektuaren bultzatzaile nagusia gonbidatu dituzte egitasmoaren inguruko eztabaida publiko batera.

Subflubiala Ez plataformaren esanetan, proiektuak arazo larriak sortuko ditu Getxo eta Leioa arteko inguru horretan, hala nola trafikoa eta kutsadura areagotzea, Artaza-Romo Institutua hondatzea, Artatza parkea bezalako berdeguneak kentzea eta baliabide publikoen gastu handia. "Aldundiaren orain arteko erantzun bakarra gure kezkei erantzuten ez dieten panfletoak izan dira, bizkaitar guztien diruarekin ordaindu direnak", adierazi dute plataformako ordezkariek.

Plataformaren ustez, gardentasuna funtsezkoa da, eta herritarrek ibai-azpiko proiektuari buruz dituzten zalantzak argitzea ahalbidetuko duen elkarrizketa-gune bat irekitzeko beharra defendatu dute.

Hala, Bizkaiko Foru Aldundiko Elixabete Etxanobe diputatu nagusia, Carlos Alzaga Garraio diputatua eta Imanol Pradales proiektuaren bultzatzailea eta egungo lehendakaria eztabaida publiko batera gonbidatu dituzte, "nahi duten datan eta lekuan". Hori frogatzeko, Aldundiko Garraio eta Azpiegitura Saialari bidalitako eskabidea ere aurkeztu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun