Uribe Kostako lehen sektorea

Itsasoa, babestu beharreko baliabidea

Ander Zarraga 2024ko aza. 15a, 10:04

Javier Sarobe, Jon Uribarri eta Josu Peña, eskualdeko portuetako arrantzaleen hiru belaunaldi.

Handiena ez izan arren, Armintzakoa da eskualdeko arrantza-porturik garrantzitsuena; Plentzian ere itsasontzi pare bat geratzen da jaun eta jabe diren aisialdirako txalupen artean. Bermeoko edo Getariakoakaz konparatuta, bertako itsasontziak beti izan dira txikiagoak, eta euren egoera erraza ez izan arren, oraindino artisau-eran arrainen atzetik dabiltzan arrantzaleak ikus daitezke gure portuetan.

Eskualdean Armintza, Plentzia eta Algorta izan dira arrantza-portu nagusiak, baina gutxika-gutxika arrantza-ontziak desagertzen joan dira eta aisialdirako txalupa zuriek hartu dute lekua. Arrantzaleek diotenez, gainbehera hau Bizkaiko portu guztietan eman da, eta hainbat faktore daude horren atzean, hala nola errelebo falta, bizimodu gogorra izatea, arrainen urritzea edo etekin falta. Daborduko Algortan ez dago arrantza-ontzirik, eta Uribe Kostako arrantzaleak Armintzako kofradian daude batuta.

Oro har, itsasontzi txikiak dituzte, 8-12 metro ingurukoak, eta artisau-arrantza praktikatzen dute, hau da, kostaldetik ez dira asko urruntzen eta modu tradizionalean arrantzatzen dute. Horien artean, baxura arrantza-ontzien artean, itsasontzi txikien eta handien artean ere bereizi beharra dago: besteak beste, Bermeo edo Getariako itsasontzi handiek sarea eta beita bizia erabiltzen dituzten bitartean, eskualdean dauden txikiagoek amuak erabiltzen dituzte gehienbat, eta ez dute inguraketa-arrantza bezalakorik egiten. Adibidez, hegaluzeak xaxian harrapatzen dituzte, nabigatzen ari diren bitartean hainbat amu botata. Tretzagaz ere aritzen dira, subil izeneko soka bati lotutako hainbat amu dituen lerro bategaz. Olagarroak eta krustazeoak nasakaz edo otarreakaz hartzen dituzte eta itsasoaren hondoan jartzen den mailabakarra edo tresmaila ere baliatzen dute, horietan arrainak trabatuta geratzen baitira.

Sarobe baikorra da eta Armintzako portuan arrantza-ontziak egongo direla dio.

Nekazaritza bezala, arrantza urtaroen araberakoa da, eta urteko sasoi bakoitzean espezie bat edo beste arrantzatzen da: otsailean eta martxoan, berdela arrantzatzen hasten dute urtea; apiriletik maiatzera, kala edo arrantzategietara joaten dira legatzetan; udako hilabeteetan, ekainetik abuztura, hegaluzeen atzetik joaten dira, kostatik 25 milia ingurura, eta udagoienean eta neguan, tretzakaz aritzen dira, besteak beste, muxarrak eta lupinak harrapatzen.

Javier Sarobe Bihotz Alai itsasontziko patroia eta Armintzako arrantzaleen kofradiako patroi nagusia da eta, besteak beste, arrantzaleengan kupoek duten garrantzia azpimarratu du. Espezieen arabera, arrantzale edo komunitate autonomo bakoitzak arrain kopuru jakin bat harrapatu dezakeela laburbildu du: "Europar Batasunak ezartzen du herrialde bakoitzak zenbat harrapatu dezakeen, historikoen, azterketa zientifikoen edo bestelako aldagaien arabera finkatuz".

"Ikusten dut gauzak aldatzen ari direla. Ez nuke jakingo esaten zergatik, baina gauzak aldatzen daude. Iraganean oso errentagarriak ziren kanpainak zailagoak ari dira izaten azken urteotan". Javier Sarobe, Bihotz Alai-ko patroia eta Armintzako kofradiako patroi nagusia.

Kupoen kontuak nolabaiteko dikotomia planteatzen die arrantzaleei: batetik, arrantzatu dezaketena mugatzen dielako, eta, askotan, portuan geldi egotera behartzen dielako; baina, bestetik, beraien ogibiderako beharrezkoak diren espezieen populazioagaz kontuz ibili behar direla badakitelako, "ezin dugulako dena agortu arte arrantzatu".

Belaunaldi berriak

Itsasoko deiari erantzun eta arrantzaren tradizioagaz jarraitzea erabakitzen duten gazte horietako bi dira Jon Beldarrain Belda plentziarra eta Jon Uribarri Kopi armintzarra; Beti Txori Txiki da beraien itsasontziaren izena. Biek Ondarroan egin zituzten baxurako patroia izateko ikasketak, baina, Uribarrik azpimarratu duenez, arrantzan aritzeko berebizikoa da bizimodu hori gustukoa izatea: "Gu txikitatik ibili gara arrantzagaz eta itsasoagaz, baina hau kirol profesionalaren modukoa da: asko gusta behar jatzu, ostantzean, ez dago zer eginik. Ordu piloa sartu behar doguz, egunik laburrenak 12 ordukoak izan ahal direz, lan asko egin behar da eta ez dekogu oporrik".

Berak ulertzen du jendeak itsasora joan gura ez izatea, eta aipatzen du marinel senegaldarrengatik edo perutarrengandik ez balitz, itsasontzi askok arazoak izango lituzketela portutik ateratzeko. Gainera, arrantzak ez du beste edozein lanbidek ematen duen ziurgarritasun hori ematen, arrantzatzen denaren arabera irabazten baitute. Ofizio gogorra izan arren, Uribarrik ez du itsasoarekiko eta bizimodu horrekiko duen estimua ezkutatu: "Arraina badau ondo irabazi ahal dozu, baia ez badau, lan asko egin arren, agian ez dozu ezer eroango etxera. Hala ere, gustoko badozu, lanbide polita da, egunero zerbait ezberdina bizi dozulako, eta, lan eginez gero, bizitzeko be ematen deu".

Ostera, Josu Peña barrikoztarra 15 urtegaz hasi zen arrantzan, eta, daborduko erretiratzeko adinean egon arren, ahal duen bitartean itsasora joaten jarraitzeko asmoa duela azpimarratu du: "Arrain gutxi atera arren, arrantza nire bizitza da eta, ahal dudan bitartean, itsasora joaten jarraituko dut". Kontatu du, aitagaz hasi zenetik, bera ia beti Plentzian aritu izan dela arrantzan. Bera hasi zenean, portuan lau edo bost itsasontzi zeuden, baina deitoratu du gaur egungoak ez duela zerikusirik lehen zegoenagaz: "Itsasontziak ia oparitu egiten dituzte, ez dago arrantzarik ezta itsasora joan gura duenik ere".

Peñak Plentziako portuan dauka Ixurde izeneko arrantza-ontzia, eta, beragaz batera, daborduko erretiratuta ere egon ahalko litzatekeen beste patroi bat bakarrik geratzen da. "Gu biok itsasora joateari uzten diogunean, hemen ez da arrantzalerik geratuko, ez baitago erreleborik; gauzak asko aldatu beharko lirateke arrantzaleren batek jarraitu gura izateko", adierazi du arrantzale beteranoak.

Uriarte baikorra da arrantzaren etorkizunagaz, baina argi dauka arrantzak bere muga duela, eta, horrenbestez, itsasoa zaintzea beharrezkoa dutela.

Arrantzaren bideragarritasuna baldintzatzen duen beste kontu bat prezioarena da. Guztiek aipatzen dute azken urteotan arrainaren prezioa mantendu egin den bitartean, gainontzeko gastu guztiak igo egin direla, tartean, erregaiena. Hori gutxi balitz, Uribarriren aburuz, jendeak gero eta arrain gutxiago jaten du, "kontsumituena legatza da, baina jendeak oso arrain gutxi jaten du normalean, eta uste dot hori be arazo bat izango dela guretzat".

Berdela, gero eta urriago

Historikoki, gure arrantzaleentzako berdelarena izan da kanpainarik errentagarriena eta seguruena. Oro har, arrantzaleentzako urteko etekinen % 30-40 inguru suposatzen du berdelak, baina, azken urteotan, harrapaketak asko jaitsi direla diote arrantzale denek, eta horrek urak harrotu ditu arrantzaleen artean. "Hutsegite hori ez da gure erruagatik izan, guk kuotak eta araudia eskrupuluz betetzen ditugulako; isunak ere oso gogorrak dira", azpimarratu du Sarobek.

"Abuztuen, gu bakarrik ibiltzen gara egurrezko otzarakaz otarrainak harrapatzen, egurregaz egiten doguz, antzine egiten ziren modukoak". Jon Uribarri Kopi Beti Txori Txiki Itsasontziko patroia

Peñak gogoratu du iraganean ez zegoela berdelaren kuotarik, eta beraiek "itsasontzia  bete arte" arrantzatzen zutela. Bere ustez gehiegizko arrantzak eragina izan du espezie horrengan: "Europa iparraldean, faktoria itsasontziek sekulako sarraskiak egiten dituzte, gero, Frantzian ere arrantzatzen dira, eta berdela hona heltzen denean oso ahul dago. Kontua da berdela arrain migratzailea dela eta hegoaldera joaten dela arrautzak errutera; atera kontuak, hainbat urtez arrautzak zituzten milioika eme arrantzatu dira. Horrek eragina izan du eta orain ari gara nabaritzen".

Uribarrik ere berdelaren arazoa larria dela ohartarazi du: "Desagertzen bada, inguruan geratzen garen arrantzale txiki gehienok ez dogu etorkizunik izango, gaur egun, beste espezieetatik bizitzea ezinezkoa delako".

Itsasoa zaindu, gu zaintzeko

Nahiz eta artisau-arrantzaren etorkizuna iluna izan, arrantzaleak baikorrak dira. Adibidez, Sarobe etorkizunean Armintzako portuan arrantza-ontziak egongo direlakoan dago: "Belaunaldien arteko erreleboa ez dago erraz, baina badaude arrantzan jarraitu gura dutenak". Hala ere, itsasoa zaindu egin behar dutela ere argi dauka, "gure bizimoduari eragiten dioten gauza asko ari direlako gertatzen".

Peñak ia bizitza osoa eman du itsasoan, bere aitagaz hasi baitzen arrantzan 15 urte zituela.

Ildo berean, Peñak dio bera biologoa ez den arren, argi daukala arrainak desagertzen ari direla eta zerbait egin behar dutela hori konpontzeko, "bestela ez epe luzean ezta epe ertainean, urte gutxiren buruan arrainik gabe geratuko gara". Zentzu horretan, berak antxoagaz egindakoaren adibidea proposatzen du: "Urte batzuetan kupoa oso zorrotza izan zen eta espeziea berreskuratu egin zen. Berdela eta beste espezie batzuekaz hori bera egin beharko genuke". Hala ere, dioenez, arazoa oso konplexua da, berdelagaz gertatzen den bezala, beraiek legatza amuagaz harrapatu arren, "neurria eta kupoa zainduz", atzetik arraste-ontzi bat pasatzen bada, "kala dena txikituko du, eta hori ere legala da".

"Lau itsasontzi oso moderno geratzen dira, baina oso arrain gutxi dago eta horiek arrantzatzeko sare piloa. Teknologia berriakaz geratzen diren arrainek ez dute ihesbiderik". Josu Peña, Ixurde arrantza-ontziko patroia

Uribarrik ere argi du itsasoa zaindu behar dutela, arrantzaleen etorkizuna horren araberakoa izango baita. Hala ere, beraien eskuetatik kanpo dauden faktoreek ere eragina dutela dio, adibidez, uraren tenperaturaren aldaketarena: "Uraren tenperaturak korronteen aldaketan deko eragina eta hori gure alde edo gure kontra egon daiteke; Aztik diño legatzetarako eta antxoarako onerako izan dala, baina guk gure esperientzia bakarrik dekogu, eta ezin dogu jakin zer gertatuko dan".

Horrez gain, patroi gazteak bertako arrantzaleek modu jasangarrian eta eskuz arrantzatutako arraina kontsumitzeko deia egin die herritarrei: "Prezioak apur bat hobetuko balira eta gure arraina gehiago baloratuko balitz, kupoak zainduta, nik uste dut etorkizuna bermatuta egongo litzatekeela". 

Beti Txori Txiki itsasontzia Armintzako portura bidean, eguneko harrapaketakaz.

Erlazionatuak

Eskualdea ereiten

Iker Rincon Moreno aza 08 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun