Javier Lario, nekazaria eta kamioi-gidaria: "Zorionez edo zoritxarrez, guk hau egiteko zoramena izan dugu"
Duela zazpi urte hasi zen Javier Larioren Calabazas de Ibarrondos abentura. Erandioko Goierriko ibarrean ditu baserria eta ortuak, eta, kontatu duenez, horiek alokatu zituenean, betidanik oso emankorrak izan diren lurrak egoera penagarrian zeuden.
Berak inguru horretako historia hurbiletik ezagutzen du, gaztetan asko ibiltzen baitzen bertatik. "Baserria Jesukristo deitzen zioten gizon batena zen eta produkzio ikaragarria zuen; inguruko baserririk onena zen, bai gizonaren lanagatik, baita lurraren emankortasunagatik ere. Lekak eta indabak tonaka ekoizten zituen eta behiak, idiak eta txerriak ere zituen; leku hau zoragarria zen", gogoratu du.
Tamalez, lurrak oinordekoek hartu zituztenean, "espekulatzeko" erabili gura izan zituztela deitoratu du Lariok, baina lehen minututik okupatu zieten etxaldea eta ingurua abandonatuta geratu zen, "honek Mordor zirudien". Horrela 16 urte eman zituen, eta azken okupek konponketa batzuk egin bazituzten ere, berak alokatu zuenean, baserria eta ingurua egoera negargarrian aurkitu zituen. "Ez zegoen argirik, ezta aterik edo leihorik ere, dena zegoen panpa-belarrez eta sasiz beteta; ikusten diren berritze- eta garbiketa-lan guztiak guk egin ditugu".
Oraindino ere lan asko geratzen zaiola dio, "baserriko lana ez delako inoiz bukatzen". Zazpi urteko lanaren ostean, Lariok erabat hondatutako lurrak berreskuratzea lortu du. Lan asko geratzen zaiola dio, baina inguru horrek baserri nortasuna berreskuratuz doa.
Javi Peña, nekazaria: "Eskualdean lurra soberan dago, baina abandonatuta eta zaindu barik dago"
Peñak ortutik bizi dela, edo "saiatzen" dela, dio: "Gatza da, baina apurka-apurka aurrera goaz". Uda honetan, hezetasun eta eguzki falta direla-eta, uzta nahiko txarra izan duela aitortzen du: "Gitxiau saltzen da, produktua ez dau itxuroso... Horrek animoan be eragiten dau, baina, orain, udazkeneko produktuekin gabiltza, ea...".
Ortua Barrikan duen familiako baserrian izan arren, hor lur gutxi duela dio, eta gura duena ekoizteko behar dituen gainontzeko lurrak utzitakoak dira, "antzina egiten zan moduen: lurra jauntxoena zan eta lantzen zuen jendeari uzten zieten".
Bere ustez, eskualdean ez da laborantzarako lurrik falta: "Uribe Kostan zenbat lur publiko dauz abandonatuta, sasiz eta panpaz tapata?". Dioenez, lur horiekaz dagoen arazoa da inork ez dituela zaintzen. Adibidez, eskualdean bakarrik daude abereentzako belar-bolak egiten dituzten bi pertsona, landa horiez apur bat horiez arduratzen direnak.
"Lantzeko lurra soberan dau, baina jende nagusiarenak dire eta oinordekoek ez dabe ezer jakin gura lurra zaintzeari buruz", azaldu du Barrikakoak. Bere hitzetan, lantzeko lurrak lortzeko nahikoa izan daiteke udaletara edo jabetza-erregistrora joatea eta baserrietatik galdetzea; izan ere, dioenez, lurrak dituztenek eta beraien familiak hortik bizi izan direnen oinordekoek ez dute horiez ezer jakin gura.
Horrez gain, Peñaren ustez, arazoetako bat da nekazari askok lurrak jabetzan eduki gura dituztela, baina, askotan, "lur horiek zuzenean okupatzea da bidea, jabe askok ez baitaki lur horien jabeak direla bez".