Zeintzuk dira euskal gabon-kanten ezaugarri nagusiak?
Hasteko, euskaraz direla eta Gabonen ingurukoak direla. Bestalde, azpimarratuko nuke kolektibotasuna aldarrikatzen dutela: familia; faltan botatzea kanpoan dagoena, Hator Hator kantaren kasuan ikusten den bezala. Gainera, aditzetan ere hori nabari da: sortu zaigu, jaio zaigu, goazen denok… horrelako aditzak beti pluralizatzaileak izaten dira kantetan, euskaran askotan gertatzen den bezala. Orokorrean horrela den arren, badago kantu bat horren guztiaren antitesia dena: Dringilin Dron. Bere letra aztertuz gero, honakoa dio: "Dringilin Dron, gaur gabon, sabela betea daukat eta besteak hor konpon". Justu-justu kolektibotasunaren kontrako mezua, eta nik esango nuke, Gabon espirituaren kontrakoa ere, kar-kar. Gauza bitxia da kantu horrena. Bestalde, orokorrean, jana, edana eta jai-giroa errepikatzen dira kantuetan. Aza esateko, Euskal Herrian oso ohikoa izan delako Gabonetako afarian aza jatea. Baita ardoa, patxarana, txerria, oiloa, bisigua eta okela ere. Bukolikotasun puntu bat ere dute abestiek, aipatzen dituztelako artzainak, mendiko giroak, ikatza… horiek izango lirateke, besteak beste, ezaugarri nagusiak.
Nolakoa izan da gabon-kanta horien bilakaera?
Hasieran, nik uste dut erritu ukitu bat zutela kantek. Normalean, heldutasunera pasatzen zirenean gazteek egiten zuten erronda baserriz baserri eta etxez etxe kantuan. Agate Deunean, inauterietan, udako eta neguko solstizioetan egiten zen bezala. Pentsatzen dut momentu horretan erabiltzen zituzten doinuak gaur egun bertsolariek erabiltzen dituzten doinuen antzekoak izango zirela: koplak edo bertsoak, alegia. Garai modernoagotara heltzean, Elizak eta abadeek parte hartu zuten gabon-kantetan. Hasi dira kantuak berreskuratzen, moldatzen, sortzen eta itzultzen, inkluso. Zatozte Kristauak Adeste Fidelesen abestia latinetik itzulita dago. XX. mendearen erdialdea pasata, Amerikako kantuetatik itzulitakoak hasi ziren, globalizazioaren eraginez. Din Dan Don famatua Jingle Bellsetik dator, esaterako. Garai batean ere nazionalismoak bere ekarpena egin zuen, horrelako euskal bukolikotasuna bilatzen, lehen esan bezala. Bidasoa (Nafarroa) inguruan soilik ezagutzen zen Olentzeroren figura zabaldu zen Euskal Herri osora; hala, letretan Mari Domingi bezalako euskal pertsonaiak ere azaltzen hasi ziren.
Eta gaur egun nolakoak dira?
Kantak egokitzen ari dira gaur egungo estilo eta baloreetara. Oso doinu modernoekin jolasten da, pop eta runbarekin, esaterako. Bideoklipak ere sartu dira, eta ikusgarritasuna lehenesten da gehiago. Gainera, alde batera uzten ari gara kristautasuneko erreferentziak, laikoagoak aipatzeko. Halere, betiko kolektibotasun eta elkartasun mezuak mantentzen dira. Orain, ohitura zaharrei ere erreferentzia egiten zaie, eta aitzinean zuten erritualtasuna galdu egin da. Bestalde, Olentzero eta Mari Domingi oso dotore irudikatzen ditugu, baina letretan baldarrak dira. Olentzero gizon zahar eta jatuna da; Mari Domingiri esaten zaio, "gurekin nahi baduzu Belena etorri, atera beharko duzu gona zahar hori".
Esango zenuke aniztasuna dagoela euskal gabon-kantuetan?
Aniztasuna badago, bai. Herri bakoitzean gabon-kanta ezberdinak daude. Herrian ez dakizkigu besteenak, eta seguru aski ez ditugu zertan denak jakin behar. Bakoitzak mantendu ditzala bereak, eta herri bakoitzak berezitasun hori izango du.
Azkenik, ahaztuta dagoela sentitzen duzun Gabonetako euskal kantaren bat gomendatu gura duzu?
Kaletarra naiz eta, beraz, faltan botatzen dut kanta gehiago ez jakitea, kar-kar. Dakizkidanak gehienok dakizkigunak izango dira. Menperatu eta kantatu, normalean, bada, betikoak. Gomendatuko nuke, esaterako, Gabon Gabean, musika eta letra aldetik oso bitxia delako. Oso gustukoa dudan beste bat, Gabon Izarra da. Nik batez ere gomendatuko nuke herrian herrikoak mantentzea: belaunaldiz belaunaldi berton egon diren Gabonetako abestiak, nahiz eta herritik kanpo ezagunak ez izan. Are gehiago, ahal bada, herrian kantu berriak sortu beharko genituzke, gaurko ikusmolde, alde estetiko eta musikalak kontuan hartuta. Modu horretan bermatuko dugu transmisioa ez etetea gauza berriekin.