Elkarrizketak

Javier Olabarrieta Learra: "Hauek batu eta kontatu beharreko istorioak zirela pentsatzen dut"

Ander Zarraga 2024ko abe. 20a, 11:28

Javier Olabarrieta Learra idazle leioaztarra, aurten argitaratutako bere azken liburuakaz.

Olabarrietak liburu berri bi argitaratu ditu aurten: batetik, Leioa. Los hijos del hambre, 50eko hamarkadako Leioako hainbat pasarte eta pertsonaia biltzen dituena, eta, bestetik, Eltxo. El pueblo de los agotes, historia eta fikzioa bateratzen dituen eleberria.

Argitalpenok ez dira Olabarrietaren lehen argitalpenak, baina bai gogokoen duen zaletasunaren azken emaitza: "Nik telebista ikusi baino, nahiago dut irakurri edo idatzi; izan ere, etxean hainbat tona liburu ditut, kar-kar"; tartean, lehendik idatzitako Los claroscuros de una vida.

Kontatu duenez, bera irakaslea izan arren, ingeniari lanetan aritu zen hainbat urtez, "tituluduna izan ez arren". Zeregin horri esker, Nafarroako enpresa batera joan zen behar batzuk egitera eta han zuen agota zen ingeniari baten oso laguna egin zen, "eta berak kontatutako istorioak bildu nituen Eltxo. El pueblo de los agotes liburuan".

Liburuan agot horiek bizitako eskasiak kontatzen ditu, eta nola Nafarroan zuten bizimodu gogorretik alde egin zutela bizimodu berri baten bila. "Eleberriari misterio puntu bat emateko", Demandako mendilerroan (Gaztela eta Leon) asmatutako herria sortu zuen Olabarriak, Eltxo izenekoa, hain zuzen ere. "20 urtez ezkutatuta bizi ondoren, basozain batek aurkitu zituela kontatzen dut, eta nola Guardia Zibilari salatu zituen, eta horrela abiatzen da eleberria", azaldu du idazle leioaztarrak. 

Leioako iraganeko pasarteak

Olabarrieta Leioako Lukitxune baserrian jaio zen, gaur egun EHUko Leioako campusa dagoen lekuan, hain zuzen." 40-50eko hamarkadetan Leioan ez zegoen ezer, lau baserri besterik ez; mirari bat zen hori pertsona normalak atera ahal izatea, ia ezta jatekorik ere", gogoratu du. Zorionez, azpimarratu du hainbat pertsona bikain atera zirela Gerra Zibilaren osteko garai gogor horietatik eta horien pasarte asko bildu ditu Leioa. Los hijos del hambre liburuan.

"Guri 'los hijos del hambre' deitzen gintuzten, sasoi zail horietan ez baikenuen ezer, eskasia asko zegoen". Hala, liburuan garai horretako hainbat herritarren ingurukoak batu dituela azaldu du, baita argazki zaharrak, olerkiak eta abestiak ere; besteak beste, "gure baserri ondoan bizi zen Gregori emakumearena: 92 urte zituela bere baserritik Santurtzira joaten zen egunero, astoagaz esnea saltzera, eta nik abesti bat egin nion, eta liburuan jarri dut".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun