Bizkaiko Foru Aldundia itsasadarraren ertz biak lotuko dituen tunelaren ingurumen-inpaktuaren txostenaren zain dagoela adierazi du. Aurreratu dutenez, datozen hilabeteetan obrak lizitatzeko eta urtea amaitu baino lehen horiekaz hasteko asmoa ei dute.
Hala ere, azpiegitura horrek iritzi kontrajarriak eragin ditu: batetik, Foru erakundeak Rontegiko zubiko trafikoa arintzeko balioko duela azpimarratzen du, baina, bestetik, talde ekologistek salatu dute proiektuaren ingurumen.azterketak berak auto pribatuaren erabilera areagotuko duela eta hainbat kalte eragingo dituela eremu horretan.
Aldundia: "Ez du trafiko gehiago sortuko"
Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatuak atzo, otsailak 6, ziurtatu zuenez, ingurumen-txostena xehetasun txikiagoen zain dago, hala nola tokiko espezieei eragingo dien kaltea eta leherketen inpaktuaren kudeaketako zehaztapenen zain. "Obrek arrain arantzadunari eta Artea zonaldeko landare endemiko bati eragiten ote dioten eta leherketa kontrolatuek ingurunean sor ditzaketen eragina aztertzen ari dira. Elementu osagarriak dira, eta irtenbideak behin betiko eraikuntza-proiektuan txertatuko dira.", azaldu du diputatuak.
Subflubiala EZ! plataformak eta tunelaren aurka zapaturako deitu duten manifestazioari babesa eman dioten 50 bat eragileri dagokionez, Alzagak "errespetua" adierazi die, eta bermatu du azpiegiturak ez duela trafiko gehiago eragingo: "Ibai azpiko tunelak ez du auto bakar bat gehiago ekarriko. Bere funtzioa bide-sarearen puntu kritiko horri segurtasun handiagoa ematea da".
Horregaz batera, Aldundiak Bizkaiko bide-sarearen kalitateari buruz egindako inkesta bateko datuakaz argudiatu ditu bere baieztapenak. Horren arabera, gidarien % 79,6k uste du azpiegiturak auto-ilarak arintzen lagunduko lukeela, eta balorazio bereziki altua jaso du onura gehien izango duten duten eremuetan, hala nola Ezkerraldean (10etik 8,22) eta Txorierrin (8,18).
Plataforma: "Gezurretan dabil"
Bere aldetik Subflubiala EZ! plataformatik gogor erantzun diote Alzagaren adierazpenei, tunelaren inpaktuari buruz "gezurretan dabilela" egotzita. Taldearen arabera, Foru Aldundiko teknikariek egindako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak berak aitortzen du obrek eta tunelak trafiko handiagoa eragingo dutela inguru horretan eta auto pribatua erabiltzea areagotuko duela.
Ohar bidez, plataformak salatu du "nahita gezurretan ari dela", eta froga gisa, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ingurumen-txostenaren 14. orrialdea aipatu dute. Bertan adierazten denez, "bide-azpiegituraren eskaintza handitzeak dei-efektua eragiten dio auto partikularraren erabiltzaileari" eta "2048an, ibilgailu pribatuan egindako bidaiak 2019an ikusitakoak baino % 33 handiagoak izango lirateke".
Taldeak "Trump estiloko fakenews" bezala jo du diputatuaren jarrera, eta esandakoa zuzentzeko eskatu. Horregaz batera, erronka bota diote proiektuari buruzko eztabaida publiko baterako, "bizkaitarrek obra honi buruzko iritzi desberdinak ezagutzeko eskubidea dutelako, ez bakarrik Aldundiaren bertsioa".