Itsasadarreko tunelaren aurkako bizikleta-martxa egingo dute Portugaletetik Artatzara

Ander Zarraga 2025ko mai. 9a, 10:14

Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua gaitzesteko hainbat herritarrek egindako bizikleta-martxaren familia-argazkia Artatza parkean. © SUBFLUBIALA EZ!

Subflubiala EZ! plataformak Aldundiaren proiektuaren aurkako bizikleta-martxa egingo du domeka honetan, maiatzaren 11n, 10:30ean Portugaleteko udaletxetik abiatuta. Antolatzaileek deitoratu dutenez, Itsasadarraren azpiko tunela, "proiektua klimatiko arduragabea eta sozialki bideraezina da".

Domekan, 10:30ean Portugaleteko udaletxetik abiatuko den bizikleta-martxa plataformak antolatuko duen bigarrena izango da, eta bere ibilbidean itsasadarreko udalerri nagusi batzuk zeharkatuko ditu, hala nola Barakaldo, Bilbo, Leioa eta Getxo. Horregaz batera, 11:55ean, protesta egiteko geldialdia egingo dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan. Martxa Artatzako parkean bukatuko da, tunelaren obrek hartuko duten berdegunean, hain zuzen ere. 

Martxa luzeagaz batera, txiki-martxa ere egingo dute 12:40ean. Hori Leioako metro-geltokitik abiatuko da, mobilizazio nagusiagaz bat eginez.

Hauek dira protesta egiteko deia zabaldu dutenek azpiegituraren aurka plazaratu dituzten argudio nagusiak: itsasadarraren azpiko tunelak trafiko pribatua sustatuko du, EBren eta EAEko administrazioen konpromiso klimatikoen aurka eginez; mugikortasunari buruzko azterketa zehatzik gabeko milioika euro xahutuko dituen proiektua da; Artatza parkea eta Ballonti ibarra sakrifizio-eremuak bilakatuko dituzte; plangintza integralik ez duen egitasmoa da, ez baitu metropoli-estrategiarik eta zaharkitutako azpiegitura bat lehenesten duelako, eta, azkenik, "ingurumen-iruzurra egiten ari direlako", hasiera batean ingurumen ebaluazio azterketak baztertutako leherketak eta Ballontiko zubibidea berriro ere txertatu dituztelako lanetan.

Hori guztia kontuan hartuta, zera adierazi dute plataformako kideek: "Itsasadarraren azpikoa, elefante zuria da, gure etorkizuna hipotekatzen duena. Benetako alternatibak eskatzen ditugu: auto gutxiago, garraio publiko gehiago eta natur-guneak babestea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun