Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren ardurapean utzi du itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Ander Zarraga 2025ko mai. 29a, 09:59

Bizkaiko Foru Aldundiak tunelaren proiektua iragarri zuenean, anezka-trenaren infografia animatu bat ere aurkeztu zuen. © BFA

Itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari (ETS) dagokiola adierazi du Carlos Alzaga Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak. Itsasadarraren azpiko proiektuaren aurkako plataformak salatu duenez, "greenwashing maniobra bat baino ez da izan proiektuaren benetako izaera ezkutatzeko" .

Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki gura duen itsasadarraren azpiko tunela erabiliz, Areetako eta Sestao Metro Bilbaoko geralekuak itsasadarraren azpitik lotuko lituzkeen anezka-trenaren proiektua bertan behera geratu da momentuz. Aldundiak trenbide-azpiegiturez arduratzen den ETS Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeari helarazi dio orain proiektua gauzatzeko ardura. Hala baieztatu zuen atzo, eguaztenean, Carlos Alzaga Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez. Anezka horrek egungo ibilbidea 25 minututik 4 minutura murriztuko luke, San Ignazio inguratzea saihestuz.


Imanol Pradales azpiegitura diputatua eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua aurkezten. © BFA

Diputatuak iragarri zuen itsasadarreko tunelaren proiektuan etorkizunean trenbidearen trazadurara txertatzeko doikuntzak mantenduko dituzten arren, "trenbide-tunela diseinatzeke dagoela eta ETSri dagokiola". Hala, itsasadarraren azpitik Areeta eta Sestao artean zeharkatuko lukeen tren automatikoaren erantzukizuna bereizi du Aldundiak.

Anezka-trena 2022an iragarri zuen orduko ahaldun nagusi Unai Rementeriak, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektu multimodalaren barruan. Orduan, infografiak aurkezteaz gain, 185 milioi euroko inbertsioaz ere hitz egin zuten. Hala ere, ia hiru urte geroago, aurrerapen zehatzik egin ez denez, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak 2023an eskatutako bideragarritasun-azterlanaren emaitza publikorik ez dagoenez, ziurgabetasuna sortu da Bilboko metropoli-eremuko mugikortasun iraunkorrerako trenbide-lotura estrategiko horren etorkizunari buruz.

"Greenwashing maniobra"

Itsasadarraren tunelaren proiektua hainbatetan gaitzetsi duen Subflubiala EZ plataformak salatu duenez, trenbidearen proiektua "greenwashing maniobra bat baino ez da izan proiektuaren benetako izaera ezkutatzeko". Deitoratu dutenez, klima larrialdi betean, Aldundiak auto pribatuaren erabilera bultzatuko duen 500 milioitik gorako proiektua sustatu gura du. 

Hori dela eta, plataformatik irmoki salatu dute "maniobra" eta Aldundiari proiektua bertan behera uzteko eskatu diote, aldiz, dirua garraio publikoa bultzatzera bidera dezala exijitu diote.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun