Euskaraldia 2025

Nolakoa izan da Euskaraldia Uribe Kostan?

Nahia Martinez Gondra · Ander Zarraga 2025ko mai. 29a, 12:17

Euskaraldiko ajea oraindino ere pasatu gabe, Uribe Kosta mailako balorazio txiki bat jaso dugu gurean. Hona hemen Getxoko dinamizatzaile Iker Aginagak eta Erandioko dinamizatzaile Mikel Zarateren iritziak herriotako Euskaraldiaren eraginaren inguruan.

   

Iker Aginaga, Getxoko Euskaraldiko dinamizatzailea:

Nire balorazioa dinamizatzaile moduan da, batzordeak baduelako deia elkartzeko eta elkarrekin balorazio bat egiteko. Emaitzak zeintzuk diren oso ondo jakin gabe nago oraindik. Hala ere, lehenengo aldia da Euskaraldia barrutik ezagutzen dudala eta oso pozik nago. Ikusi dut jende dezente Euskaraldiarekin eta euskararekin tematuta dagoena.

Zenbaki aldetik, konparaketa beti egiten da eta lehenengo Euskaralditik hona, euskal herri osoan behera egin duen mugimendua da. Baina esango nuke zenbakietan gutxitu arren —eta ez dakit oraindik aurten gutxitu den aurreko urtearekiko— sakontasunean irabazi duen mugimendua dela eta jendea gero eta kontzienteago dela zer den Euskaraldia eta zer egin nahi duen. Erronka txiki asko onartu dute herritarrek eta entitateek, beraz, pixkanaka ikusi beharko dugu zenbat irauten duen denboran. Orokorrean pozik nago egon den inplikazioarekin herritarren eta entitate askoren partetik. Jende multzo txiki askok eragin nahi izan dute.

Batzordearen egitearen aldetik, esfortzu handia egin dugu, saiatu gara kalean egoten, hori zelako aurtengo proposamenetako ba. Ekintza asko egin ditugu eta sareetan ere egoten saiatu gara.

Gero ere balorazio txiki asko daude. Herri mailan gauza bat pentsa dezakegu baina gero herritar bakoitzak bere inguruan lortu ahal izan du euskara zabaltzea, eta hori da azkenean Euskaraldiak nahi duena. Hori neurtzen oso zaila da, horregatik Euskaraldiak orain maila nazionalean bizipenak izeneko gunea ireki du, behar dugulako jakin kasu konkretu horiek.

Mikel Zarate, Erandioko Euskaraldiko dinamizatzailea:

Euskaraldia izan dugu Erandion 11 egunetan zehar, ilusioz, indarrez, nekez, gogoz eta elkar mugituz egin dugu!

Ekitaldi handi eta masibo bat egin ordez, egunero kaleak eta ahoak euskaraz bete nahi izan ditugu. Eta hala egin dugu. Egunero izan ditugu ekintzak kalean, eta aretoetan; batzuetan, auzo baten baino gehiagotan aldi berean. Hori dala eta ez dira ekitaldi oso jendetsuak izan, horren ordez, auzokideen arteko giro goxoa eta mugimendu konstantea izan dugu Euskaraldi osoan zehar.

Bai norbanakoen, bai elkarteen indarra sentitu dugu, baina eskatzea debalde danez, hurrengoan gehiago izan nahiko genuke. Herriko talde sozial desberdinak kontuan hartuta egin dira ekintzak, gazte, heldu zein familiei zuzenduta, musika, antzerkiak, hitzaldiak, jolasak, erakustaldiak… guztietan giro paregabea izan dugu.

Parte hartzeari dagokionez, pozik gaude, 900 izen-emate izan ditugu herri mailan, bigarren edizioko datuak gaindituz. Hizkuntza ohiturak aktiboki aldatzeko konpromezua hartu dute 900 auzokideek, Zorionak Erandio!

Euskal Herri osoan bezala ordea, kaleetan txapen presentzia ez dugu hain nabaria ikusi, hori baina batzorde orokorrean ikertu beharreko kontua dugu. Oro har pozik gaude gure herriak Euskaraldi honetan izan duen erantzunarekin, hau hasiera baino ez da, jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen. Elkar mugituz egingo dugu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun