Nahiz eta zuek talde feministako kideak izan, lagun ororen erantzukizuna da jai seguruak eraikitzea. Uste duzue gizarteak hori barneratuta duela?
Oraindik asko falta zaigu puntu horretara heltzeko. Gizarteak, oro har, badu nolabait barneratuta erasoen aurkako jarrera hori, baina askotan ez gara gai izaten jarrera horiek guk geuk ditugunean identifikatu edota horien aurrean ardura hartzeko. Guzti hori jai giroaz haratago ere badoa, noski. Guk urte osoa pasatzen dugu herri eta eskualde feministagoa lortzera bidean hainbat gunetan eragiten. Zentzu horretan, gure ustez, jaietan leku seguru eta erosoak bermatzeko aukera bakarra kontzientzia feminista hori gure egunerokotasun eta bizitzetan aplikatzea izango da. Izan ere, gaueko jai giroan bizi dugun testuingurua, sistema patriarkal honen isla besterik ez dela ulertzen dugu guk, eta horren aldaketan datzala askotan burura datorkigun jai giro erasokor eta ez seguru hori aldatzeko gakoa.
Nola kudeatzen duzue jai giroan ondo pasatzeko eskubidea eta, aldi berean, talde feministako kide izateak dakarren konpromiso soziala?
Indarrak orekatzea da gakoa. Gehienetan gazte feministon taldeetan ibiltzen garenok jaietako beste hainbat gunetn egoteko nahia izaten dugu: txosnen antolaketa, kuadrillen lehiaketa, jai batzordea edota jaietako egitarauaren kontsumitzaile soil gisa… Askotan, dena den, ez da erraza izaten guztiarekin aurrera egitea, eta oreka hori apurtzen denean indarrak birpentsatu eta aurrera egitea besterik ez dugu. Izan ere, eskualde honetako gazte feministok antolatu eta saretu ezean nork egingo du borondatezko lan hori guztia?
Jaietako protokoloak aktibatzen direnean, guztia “pausoz pauso” bete arren, zaila izaten da egoera kudeatzea, baita osteko sentsazioak ere. Nola zaintzen dituzue zuon buruak?
Garrantzitsuena jaiak heltzean dena ondo barneratua izatea da. Protokolo bat aktibatzera heltzen garenerako hamarnaka ordu pasa ditugu eskema horren gainean lanean, eta bertan ahalik eta aukera sorta zabalena sintetizatzen ere saiatu gara. Dena den, ulertu behar da, testuinguru, herri eta eraso bakoitzak berezitasun propioak dituela, eta ezinezkoa dela beti erantzun guztiak izatea. Horren aurrean, eta nahiz askotan “pausoz pauso” betetze hori zaila izan daitekeen, guk ahalik eta protokoloekiko fidelen jokatzea eta sinisten dugun horren alde egitea besterik ez dugu, beti ere gure buruak babestuz.
Uste duzue jai orotan egon behar dela protokolo eta Puntu Morea bat?
Puntu moreak erasoen salaketan eta kudeaketan ezinbesteko erreferentzia gune dira. Momentuz, puntu moreen presentziak ahalbidetu eta efizienteago egiten ditu erasoak ematen direnetan horien aurrean ditugun esku hartze eta artatzeak, eta beraz, zalantzarik gabe, jaien antolatzaile eta udal gobernuek puntu moreen presentzia bermatu beharko lukete. Dena den, puntu more horien bermatzeak soilik ez du eragin handiegirik. Guk oraindik lantzear dauden erpin guztiei erreparatzea nahi genuke: puntu beltzen kudeaketa, gaueko autobusak, ardura hartze kolektiboa, instituzioen eta eragile feministen arteko harremana… finean, jai ereduen birpentsatze herrikoi eta feminista baten alde egitea.
Zelan ekin Puntu Morerik gabeko guneetan?
Puntu moredun guneetan bezalaxe. Puntu moreek abantaila asko dituzte, noski, baina beti izango dugu egin beharreko lanik. Puntu morerik gabeko gune eta herriek salaketa eta artatze guneak lantzeko beharra izango dute, eta barne komunikazio kanalei buelta bat ematekoa ere. Horrek, militante feministak behar baino gehiago erretzeko arriskua dakar, edota beste motatako lanketa garrantzitsuei leku gutxiago eskaintzekoa. Horregatik da, hain zuzen, hain garrantzitsua mota honetako erreferentzia guneak bermatzea, lan karga orekatzen baitute.
Uda garaian, urte osoan zehar ere bizirik dauden biolentzia batzuk nabarmentzen dira: biolentzia estetikoa, sexualizazioa, jaietako agresioak, baimenik gabeko argazkiak… talde feministetatik nola lantzen dituzue biolentziok?
Dagokiguna aldarrikatuz. Jai giroan izan beharko luketen bezalaxe, egunean zehar ere herriko plazek gureak behar luketeelako inongo baldintza edo letra txikirik gabe. Ondo esan duzuen bezala urte osoan zehar presente ditugun biolentziak dira horiek, udan agerikoago bilakatzen direnak agian. Horregatik horien aurrean tinko mantentzea eta taldean erantzutea besterik ez dugu: Erasorik ez erantzunik ez! Indarkeria ororen aurrean autodefentsa feminista!