Erandiok eta Leioak Axpe-Udondo eremua eraldatuko duen hirigintza-proiekturako hitzarmena sinatu dute

Ander Zarraga 2025ko ira. 23a, 16:17

Hirigintza proiekturako hitzarmena sinatu duten Erandioko eta Leioako udal-ordezkariak. © EU

Alkateek eta erakunde sustatzaileak sinatutako akordioaren bidez, 670 etxebizitza baino gehiago, aparkalekuak, berdegune zabalak, jarduera ekonomikoetarako lokalak eta ekipamendu berriak sortzea aurreikusten dute.

Hitzarmenaren ondorioz, Leioa eta Astrabudua arteko 21.750 metro koadroko parke publiko handi bat eraikiko dutela iragarri dute, besteak beste, gaur egun herrigune bien arteko komunikazio-arazoa konpontzeko. Sinatutako arduradun politikoek iragarri dutenez, proiektuak hiri-sare mistoa izango omen du, hau da, bizitegi-eremuak, jarduera ekonomikoak eta ekipamenduak eta metro-geltokiakaz lotura zuzenak.

Aurkeztutako datuen arabera, esku-hartzearen azalera 134.505 metro koadrokoa izango da, horietatik 110.917 Erandiokoak eta 23.588 Leioakoak. Eraikiko diren etxebizitzen % 60 merkatu librekoak izango dira, % 20 babes publikokoak eta beste % 20 udal-etxebizitza tasatuak. Era berean, etxebizitza libre bakoitzeko aparkaleku bi eta babes publikoko bakoitzeko 1,5 aurreikusi dituzte, gutxienez 200 toki izango dituen lurpeko aparkaleku publikoaz gain.

Gainera, planak inguruko landaredia % 15 handitzea ezartzen du, guztira 1.306 zuhaitz landatuz, eremuan bertan edo udalek zehazten dituzten beste leku batzuetan. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berriak ere egingo dituztela iragarri dute, bizigarritasuna eta mugikortasun jasangarria sustatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun