Subflubiala EZ! herri-plataformak dei publikoa egin die bizkaitar guztiei, urriaren 18an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko. Mobilizazioa Bilboko Arriaga Antzokitik abiatuko da 17:00etan, eta helburua argia da: Lamiakoko itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua bertan behera uztea eta mugikortasun-eredu iraunkorrago baten alde egitea.
Beste behin, plataformako kideek hainbat argudio aurkeztu dituzte proiektuaren aurka. Hasteko, salatu dute Aldundiak ez duela herritarren parte-hartzea errespetatu, eta behin betiko proiektua onartu dutela alegazioak aurkezteko epea itxi baino lehenago; "Hori ez da demokrazia, paripea baizik". Gainera, azpiegitura kontraesanean dagoela adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako deskarbonizazio eta klima-estrategiakaz ez datorrelako bat. "Larrialdi klimatiko betean, ezin dugu asfalto eta trafiko gehiagoren aldeko apusturik egiten jarraitu", azaldu dute.
Inguruko ikastetxeetako ikasleen eta bizilagunen osasuna ere mehatxatuko duen proiektua dela ere azpimarratu dute: "Tunelen ahoetatik hurbil dauden eremuak "sakrifizio eremu" bihurtuko lirateke, eta, kutsaduraz gain, zarata- eta bibrazio-mailek legezko mugak gaindituko lituzkete. Hainbat ikastetxek jasango lukete eragina. Era berean, salatzen dugu ez dagoela ikerketarik PM 2.5 partikulen eta eremu horietan kontzentratuko liratekeen beste kutsatzaile batzuen inpaktuari buruz, hau da, gaixotasun kardiobaskularrei, arnas gaixotasunei eta minbiziari lotutako substantziei buruz"
Azkenik, plataformak gogorarazi du 543 milioi euroko kostua izango duela azpiegiturak. Aitzitik, beraien ustez "XXI. mendeko metropoliko mugikortasun-sistema garatzeko erabili beharko litzateke".
Gauzak horrela, hurrengo urriaren 17an, zapatuan, 17:00etan tunelaren aurka mobilizatzera deitu dituzte herritarrak: "Mugikortasun iraunkorrarekin, parte-hartze demokratikoarekin eta lurraldearen etorkizunarekin konprometituta dauden herritar guztiei dei egiten diegu. Zure presentzia garrantzitsua da! Zure zain gaude!".