Bilboko kaleak jendez bete zituzten zapatu arrastian Subflubiala EZ! plataformak deitutako manifestazioan. Antolatzaileen arabera, mila pertsona baino gehiago bildu ziren Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki gura duen itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua geldiarazteko eskatzeko. Plataformak proiektua "ekozida eta antisoziala" dela salatu zuen, "garraio pribatuan oinarritutako mugikortasun-eredua sustatzen duelako".
Deitzaileen hitzetan, azpiegiturak 500 milioi eurotik gorako kostua izango du eta daborduko kontratazio-fasean dago Artatzan, 147 milioiko balioagaz. "Ezin gara geldirik egon: borrokan jarraitu behar dugu proiektu txikitzaile hau gelditzeko", adierazi zuten manifestazioaren amaierako irakurketa kolektiboan.
Era beran, plataformaren arabera, tunelaren eraikuntzak "eragin oso larriak" izango ditu, bai ingurumen mailan, bai gizartean: "Zarata, bibrazio eta kutsadura jasango dituzte inguruko bizilagunek eta institutuko ikasleek, Artatzako parkean dozenaka zuhaitz moztuko dituzte eta Ballonti errekaren ekosistemari kalte egingo diote", azaldu zuten.
Gainera, azpimarratu zuten proiektuak "zor ekologikoa utziko diola etorkizuneko belaunaldiei", CO2 emisioak handituko baititu eta naturgunea degradatuko duelako. "Ezin gara fidatu instituzioen diskurtsoaz", esan zuten, gogoraraziz Aldundiak onartu duela trafikoa % 33 handituko dela: "Berotegi-efektuko gasak murriztu nahi direla esaten den bitartean, kutsadura gehiago onartzen ari dira".
Antolatzaileek gogor kritikatu zituzten elite ekonomikoen interesak: "Subflubiala etekin pribatuetan oinarritutako ereduaren adibide garbia da", adierazi zuten. Carlos Alzaga diputatuaren hitzak ekarri zituzten gogora: "Lanek jaten emango diete hainbat enpresari", eta salatu zuten Sener eta IDOM bezalako enpresen irabaziak bermatzeko legedia "moldatzen" ari direla, baita zarata-mugak aldi baterako "bertan behera uzteko" ere.
Manifestazioa amaitzeko, parte-hartzaileek mezu bateratua zabaldu zuten: "Ez da tunel baten kontua, baizik eta zein gizarte ereduren alde gauden. Herritarrak kapitalaren interesen gainetik lehenesten dituzten eta natura zaintzen duten politikak behar ditugu. Borrokan jarraituko dugu, guztion artean proiektu hau gelditu arte."