Munduko Kanoa Federazioak (ICF) Abu Dhabin antolatu zuen munduko txapelketan Espainiako selekzioak 11 kirolari izan zituen, eta guztira 12 domina eskuratu zituen, eta taldeen artean bosgarren sailkatuz. "Junior eta Master kategorietan ere aritu ginen eta, oro har, maila izugarria da", azaldu du federazioko SUP atalaren ardura duen Medinak; izan ere, bere hitzetan indar askoko kirolariak daude Estatu mailan. Hala ere, dioenez, gaur-gaurkoz selekzioan ez dago eskualdeko kirolaririk, nahiz eta iraganean egon izan dira bertako ordezkariak ere.
Aurek azaldu duenez, Sand Up Paddle edo SUP bi talde nagusitan sailkatu daiteke: olatuetan egiten dena "artistikoagoa" eta piraguismoaren antz gehiago daukana. "Guk erlojuaren aurka doazen probak egiten ditugu, zirkuitu batean edo distantzia luzeetan, bestea artistikoagoa da, eta taulak zein arraunak desberdinak dira", azaldu du. Gogoratu duenez, olatuetako surf modalitatean badira mundialean ari diren eskualdeko punta-puntako ordezkariak: Alazne Aurrekoetxea eta Oihan Aizpiuru.
Kontatu duenez, hasieran, batez ere jende nagusiagoa aritzen zen SUPean, "Hawaiin eta Polinesia Frantsesean aspalditik oso ezaguna den kirola da, baina azken 10 urteetan oso ospetsua egin da hemen ere, eta hainbat gazte hasi dira horretan. Hain zuzen ere, 2016an Bilbon egin zen munduko txapelketatik hasi zen kirola indarra hartzen".
Gaur-gaurkoz, kirol hau oraindik ez da olinpikoa, "surfeko eta piraguismoko federazioak borrokan ari dira biek eraman nahi dutelako". Ildo horretan Medinaren aburuz, Alazne Aurrekoetxeak egiten duen SUP mota surf federazioak eraman beharko luke, "eta guk egiten dugun piraguismoaren antz gehiago duten modalitateakbeste aldetik joan beharko litzateke; hori izango litzateke logikoena".
Getxo, entrenatzeko aukera paregabea
Mediak azaldu du eskualdean badagoela SUParen zale asko, eta, adibidez, bera Barrika Piraguismo Taldeko kidea ere bada eta haiekaz joaten da txapelketetara. "Getxon ere piragua-taldeak ere kide asko ditu, baina oraindik ez dauka SUPa sartuta".
Hori aldatzeko, palistak uste Getxoko kirol portuak aukera ezin hobea eskaintzen duela hemendik ere maila handiko kirolariak atera daitezen: "Aldarrikatu nahiko nuke Getxoko kirol portuan egon diren aldaketek aukera izugarria eskaintzen dutela piraguismoa edo paddle bezalako kirolei bultzada emateko: La Bola hondartzan aurrean dauden itsasontziak kenduta eta buia batzuekin zirkuitu bat adierazita toki oso aproposa sortuko litzateke entrenatzeko. Gainera, portuan dutxak daude eta materiala gordetzeko kaiola batzuekin nahikoa izango litzateke. Horri esker kirolariak izugarriak aterako lirateke hemendik, potentzial itzela dagoelako eta jendea ona etorriko litzatekeelako entrenatzera", azaldu du Medinak.