Plentziako eta Gorlizko udalek elkartasuna adierazi diote jazarpena jaso duen irakasleari, eta gertatutakoa arbuiatu dute

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 20a

Irakasleak salatu zuen duela zortzi urte pairatzen dituela institutuko ikasle batzuen erasoak. © IREKIA

Plentzia eta Gorlizko udalek bat egin dute eta Uribe Kosta BHIko irakasle batek jasandako jazarpena gogor gaitzetsi dute. Bi erakundeek elkartasun osoa adierazi diote irakasleari azken asteetan, eta bereziki Halloween gauean, jasandako erasoen aurrean. Udalek azpimarratu dute polizia-neurriak ez direla nahikoa eta arazoari ikuspegi integral batetik heldu behar zaiola, prebentzioa eta hezkuntza lehenetsiz.

Plentziako eta Gorlizko udal arduradunek agerraldiak egin dituzte Uribe Kosta BHIko irakaslearen aurkako jazarpen-egoeraren aurrean beren jarrera azaltzeko. Biek ala biek "erabat arbuiatu" adierazi dute gertakarien aurrean, eta biktimari zein haren inguruneari babes osoa helarazi nahi izan diete.

Alde batetik, Gorlizko Udalak azaldu duenez, aurreko urriaren 31ean ospatu zen Halloween gauean, Udaltzaingoak sare sozialen bidez jakinarazi zuen gazte-talde bat irakaslearen etxebizitzaren aurrean biltzeko asmoa zuela, "gizalegezkoak ez diren ekintzak" egiteko. Informazio hori jasota, Udalak prebentzio-dispositibo bat jarri zuen martxan Ertzaintzagaz elkarlanean: zerbitzuaren ordutegia zabaldu zuten eta kalez jantzitako agenteak bertaratu ziren irakaslearen segurtasuna bermatzeko, eta bertaratu zuren hainbat adingabe identifikatu zituzten.

Bestalde, Plentziako Udalak idatzi baten bidez argitu gura izan du urriaren 31ko gertakari horien berri ez zuela izan azaroaren 6ra arte, ikastetxeko zuzendaritza gobernu-taldeagaz telefonoz harremanetan jarri zen arte. Era berean, deitoratu du joan den astean egindako Eskola Kontseiluan parte hartu ez izana, azaldu dutenez, Udalak organo horretan ordezkaritza izan arren, "ez zitzaielako zinegotzi delegatuari bilerara joateko deirik egin".

Irtenbide integrala

Egoeraren larritasuna ikusita, Gorlizko Udalaren hitzetan, "ez da nahikoa abisu bat edo gorabehera bat gertatzen denean soilik esku hartzea"; aitzitik, prebentzioan eta gazteen zein familien kontzientziazioan lan egitea ezinbestekotzat jo dute.

Ildo berean, Plentziako Udalak nabarmendu du gertakariak Gorlizen jazo arren, hau "eremu guztietatik landu beharreko zeharkako gaia" dela: eskolatik, udaletik, familiatik eta gizartetik. Zentzu horretan, Plentziak familia guztiakaz bilera bat egitea proposatu du abiapuntu gisa, gertatutakoari elkarrekin heltzeko.

Azkenik, udalek kezka agertu dute kasuari ematen ari zaion "tratamendu mediatikoarekin", horrek ez duelakoan laguntzen arazoari benetan helduko dion esku-hartze egoki bat egiten. Era berean, udal biek prestutasun osoa agertu dute ikastetxearekin eta kaltetutako irakaslearekin elkarlanean aritzeko, horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun