Azaroak 25

Indarkeria matxista ozen salatuko dute gaur Uribe Kostako kaleetan

Ander Zarraga · Iker Rincon Moreno 2025eko azaroaren 25a

Eskualdeko manifestazio jendetsuak arratsaldean egingo dituzte.

Azaroaren 25aren harira, indarkeria matxisten aurkako aldarriak ozen entzunaraziko dira eskualdeko herri, auzo eta kaleetan. Izan ere, gogoratuko dute indarkeria matxistak ez duela etenik eta, hainbat hedabidek gogoratu dutenez, zenbaketa hasi zenetik gaur arte, biolentzia-mota horri lotutako 7.660 salaketa jarri dituzte Hego Euskal Herrian eta, gutxienez, Euskal Herriko 131 emakume eta 13 ume hil ditu indarkeria matxistak 2003tik, Berria egunkariak egindako zenbaketaren arabera. Hori guztia salatzeko, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak gura dituztela aldarrikatzeko, hamaika mobilizazio egingo dituzte gaur Uribe Kostan.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak kalera ateratzeko deia egin du gaur, azaroak 25, Zuen hipokrisia indarkeria da! lelopean, indarkeria matxista sostengatzen duten egiturak eta konplizitatea salatzeko. Feministek nabarmendu dute emakume, trans eta bolleroek jasaten duten indarkeria ez dela kasualitatea, baizik eta "sistema kapitalista, zisheteropatriarkal eta arrazistak betikotzen dituen egitura eta mekanismoen ondorioa".

Deitoratu dute beraien urrats bakoitzaren aurrean "oldarraldi berri bat" ematen dela eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioen partetik, eta horretan parte hartzen duten "inguruko gizonen" eta instituzioen konplizitatea seinalatu dute. Hala, mugimenduak elkartasuna adierazi die hildako emakumeei eta nazioarteko borroka feministei, Israelen aurka, Saharan eta Palestinan, eta aldarrikatu dute "gure gorputza gure erabakia" dela, abortu libre, doako eta publiko baten alde borrokan jarraituz.

Gaurko deialdiak

  • 11:30 Elkarretaratzea Leioan, Boulevardean, Udalak deituta.
  • 12:00 Elkarretaratzea, manifestuaren irakurketa eta kalejira esku moreen lorategiraino Erandion, Irailaren 23a plazan, Erandioko Emakumeen Elkarteak deituta.
  • 12:00 Elkarretaratzea Erandio, Josu Murueta plazan, Astrabuduko Emakumeen Elkarteak deituta.
  • 12:00 Elkarretaratzea Lemoizen, Udaletxean.
  • 12:00 Elkarretaratzea eta manifestuaren irakurketa Barrikan, Emakumeen Biribilgunean.
  • 17:30 Zine foruma: El consentimiento, Barrikan.
  • 18:30 Ipuin-kontalaria Berangon, Liburutegian,
  • 19:00 Manifestazioa Algortan, Telletxetik abiatuta, Mugimendu Feministak deituta.
  • 19:00 Elkarretaratzea Gorliz-Plentzian, Portutik abiatuta, Mugimendu Feministak deituta.
  • 19:00 Elkarretaratzea Sopelan, udaletxetik abiatuta, Mugimendu Feministak deituta.
  • 19:30 Manifestazioa Itzubaltzeta/Romon, Santa Eugenia plazatik abiatuta, Mugimendu Feministak deituta.
  • 19:30 Elkarretaratzea Erandion, Euskadi plazan (elizaren aurrean), Damatxo Erandioko Emakumeen Elkarteak deituta.
  • 19:30 Elkarretaratzea Areetan, Bizkaia Zubiaren ondoko puntu morean, Gizatiar Emakumeen Elkarteak deituta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun