Auzokide talde batek Artaza Parkeko Herritarrak elkartea osatu du, Subflubiala auzitara eramateko

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 19a

Inguruko auzokideak Aldundiaren proiektuaren aurka azaldu dira askotan. © SUBFLUBIALA EZ!

Itsasadarra azpiko tunelaren proiektuaren aurka dauden hainbat herritarrek talde bat osatu dute, Aldundia sustatzen ari den proiektua geldiarazteko helburuagaz. Hala, daborduko lehen pausoa eman eta epaitegietan salaketa jarri dutela iragarri dute.

Auzokideen ustez, Aldundiak hainbat irregulartasun egin ditu proiektua onartzeko prozeduran, eta, horregatik, eskatuko dute epaitegietan egitasmoa bertan behera uztea. Gainera, elkarteak dei zuzena egin dio Aldundiari lanen adjudikazioak abian jar ez ditzan epaileek behin betiko erabakia hartu arte, bestela, epaiak lanak geldiaraziko balitu, administrazioak kalte-ordain ikaragarriak eman beharko lizkiekeelako enpresa horiei diru publikoaren kontura.

Elkarteko kideen aburuz, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua "oso kaltegarria" da ingurumenarentzat eta gizartearentzat, "bereziki sustatzen duen garraio ereduagatik, izan ere milaka kotxe gehiago ipiniko ditu errepideetan, kotxeen aldeko dei efektua egingo baitu". Nabarmendu dutenez, horrek kutsaduraren eta berotegi-efektuko gasen handitzea dakarrela zuzenean.

Horrez gain, 500 milioi eurotik gorako gastu publikoa neurrigabea dela iritzi diote, eta diru hori beste lehentasun batzuetara bideratu beharko litzatekeela defendatu dute, hala nola garraio publikoa sendotzera, zaintza sistemara edo osasungintzara.

Proiektuak eragingo dituen albo-kalteak ere "oso larritzat" jo dituzte, bereziki inguruko ikastetxeetan izango duten eragina dela eta: "Kaltetu nagusiak inguruko ikastetxeak izango dira, ikasle zein langileen osasunean kalte larriak jasango baitituzte". Hain zuzen ere, gogoratu dute Artaza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak eta Romo zein Artaza eskolek ekainean adierazi zuten euren kezka, proiektuak ikasle eta langileen osasunean ekarriko dituen kalteak salatuz.

Horregaz batera, ohartarazi dute proiektuak Artaza parkean hamarnaka zuhaitz moztea aurreikusten duela eta parkearen laurden bat itxita egongo dela obrek irauten duten bitartean. Horregaz batera, Galindo errekaren gainean eraikiko litzatekeen zubibideak ekosistema kaltetuko lukeela azpimarratu dute, bereziki arriskuan jarriz hiruarantza arraina, babestutako espeziea baita.

Hori guztia dela eta, Artaza Parkeko Herritarrak elkarteak borroka juridikoari eusteko asmo sendoa agertu du, Uribe Kostako herritarrei eta ingurumenari eragiten dion egitasmo hau gelditzeko asmoz, eta, horretarako, auzitara jotzea erabaki dute. Prozesuaren kostu ekonomikoari aurre egin ahal izateko, elkarteak diru bilketa bat ere abiatu du herritarren artean, gastu judizialak ordaintzeko babesa eskatuz.

Erlazionatuak

Lamiakoren Subflubialaren mehatxu ikusezina

Erabiltzailearen aurpegia Tomi Etxeandia - Subflubiala EZ! plataformakidea urt 16 Getxo   Leioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun