Esperientzia horren harira, Subflubiala Ez plataformak antzeko bidea eskatu du Subflubialaren proiektuaren inguruan, Bizkaiko mugikortasunean epe luzera izango duen eragina mahai gainean jarrita.
Plataformako kideen esanetan, Subflubiala ez da ohiko azpiegitura bat, datozen hamarkadetako mugikortasun eredua baldintzatuko duen erabakia baizik. Horregatik, proiektua martxan jarri aurretik, ezinbestekotzat jo dute ezkerralde zein eskuinaldean herritarren iritzia jasoko duen prozesu parte-hartzaile bat abiatzea. "Urdaibain posible izan bada, zergatik ez hemen?", galdetu dute.
Subflubiala Ez-etik gogorarazi dute iaz Foru Aldundia eztabaida publiko batera gonbidatu zutela, eta ordutik ez dutela erantzunik jaso. Plataformak salatu du, gainera, erakundeak eztabaidari ateak ixten dizkion bitartean proiektuaren inguruko informazio okerra zabaltzen ari dela.
Urdaibain egindako entzute prozesuak erakutsi du herritarren ekarpenek eragin zuzena izan dezaketela erakundeen erabakietan, izan ere, jasotako iritziek baldintzatu dute Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uztea. Aurrekari hori oinarri hartuta, Subflubialaren inguruan ere antzeko prozesu parte-hartzaile bat eskatu dute, gardentasuna, informazio zehatza eta herritarren iritzia kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen baitute, Bizkaiaren etorkizuneko mugikortasun eredua eztabaidan dagoen testuinguruan.