Aldundiak itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuagaz hasteko desjabetze-prozesua abiatu du

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 26a

Subflubiala Ez plataformako kideek manifestazioa deitu dute apirilaren 25erako, Itzubaltzeta/Romon.

Subflubiala EZ! plataformatik salatu dute aldundiak aurrera jarraitzen duela proiektuagaz, "auzi judizial bat martxan dagoen bitartean", eta urrats berri honen aurrean, manifestazioa deitu dute apirilaren 25erako. 

Subflubiala Ez plataformaren esanetan, auzi judizial bat martxan dagoen bitartean Aldundiak proiektuagaz aurrera jarraitu gura izatea "arriskutsua da", epaitegiek etorkizunean proiektua geldituko balute "kalte ekonomiko ikaragarriak" ekar baititzake. Hala, "Aldundiaren pausu berri honen aurrean gu kalera aterako gara" adierazi dute, eta manifestazioa deitu dute apirilaren 25erako, Itzubaltzeta/Romon. 

Plataformak azpiegitura horrekiko jarrera berretsi du, azpimarratuz "oso proiektu kaltegarria" dela, besteak beste, mugikortasun-ereduagatik: salatu dutenez, "kotxeen aldeko dei efektua" eragingo luke, eta horrek trafikoa, kutsadura eta berotegi-efektuko gasen emisioak handitzea ekarriko luke.  Era berean, proiektuak 500 milioi eurotik gorako gastu publikoa suposatuko lukeela ere gogoratu dute, eta baliabide horiek "beste zerbitzu publikoetan inbertitzea" hobetsi beharko lirateke beraien ustez, hala nola garraio publikoa, zaintza-sistema edo osasungintza, besteak beste. 

Ingurumenari eta hurbileko eremuari dagokionez, plataformak ohartarazi du Artaza-Romo institutua, Betiko ikastola eta Romo eta Artaza inguruko ikastetxeak "kaltetu nagusiak" izango liratekeela, eta Artaza parkean "hamarnaka zuhaitz" botatzea eta parkearen zati baten itxiera ere aurreikusten dituztela. Halaber, Galindo errekaren ekosisteman eragin negatiboa izan dezakeela adierazi dute, tartean babestutako hiruarantza arraina (Gasterosteus aculeatus) arriskuan jarrita. 

Prozeduraren abiapuntu juridikoa Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratutako 81/2026 Foru Aginduan jasota dago: bertan, proiektuari eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea ebatzi dute, 15 laneguneko epean alegazioak aurkezteko aukeragaz. Desjabetze hauek Portugalete, Sestao, Trapaga, Leioa eta Getxo udalerrietako lurrei eragaingo liekete

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun