Mezua Hezkuntza Sailagaz egindako bilera baten ostean helarazi dietela adierazi dute, eta, zehazki, ikasleak Artatza-Romoko eskolara zein Lamiako eskolara eramango dituztela.
Horren harira, Subflubiala EZ! erabakiak "ondorio handiak" dituela nabarmendu du, bai hezkuntza-komunitatearentzat, bai inguruko bizilagunentzat.
Plataformak, gainera, zalantzan jarri du itxiera "kurtso bakarrera" mugatuko denik: euren ustez, obrek eragindako zarata, kutsadura eta bibrazioak lanek irauten duten bitartean mantenduko dira, eta behin azpiegitura martxan jarrita ere kutsadura-arazoek gora egin dezaketela ohartarazi dute.
Beste kezka bat ere jarri dute mahai gainean: RomoHandiko ikasleen joan-etorrien helmuga izango den Lamiako Eskola aurretik ixteko aurreikuspena dago, eta galdera zuzena plazaratu dute: "Lamiako Eskola izan al da Subflubialaren lehen biktima?".
Elkarrekin Podemos
Getxoko Elkarrekin Podemosek bat egin du Subflubiala EZ! plataformak zabaldutako mezuakaz. Koalizio morearen esanetan, itsasadarraren azpiko tunelaren obrak ez dira bateragarriak Artatza-Romo institutuaren jardun normalagaz, eta gaur egungo egoerak berretsi egiten du hezkuntza-komunitateak eta hainbat kolektibok egindako ohartarazpenak arrazoizkoak zirela.
Xabier Benito bozeramaileak azaldu du obrek hezkuntza-ingurunean eragin dezaketen kaltea nahikoa arrazoia izan beharko litzatekeela proiektua bertan behera uzteko. Gainera, plataformak esan bezala, koalizioak gogorarazi du badirela zarata-mailak baimendutakoa gainditu daitezkeela jasotzen duten txostenak, eta partikulen kutsadura-maila altuak ere neurtu direla.