Greba orokorrak jarraipen handia izan du eskualdeko industrian eta administrazioan

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 18a

Martxoaren 17ko greba orokorreko piketeak Erandioko Lanbideren bulegoaren atarian.

Martxoaren 17ko grebak lantegiak hustu eta kaleak bete zituen atzo. Hainbat mobilizazio eta ekintza izan zituen egunaren ostean, egunaren balorazioa egin dute sindikatuek; oro har, jarraipena positiboa izan dela ondorioztatu dute eta soldataren auziak gizartean ardura pizten duela nabarmendu dute. Horrez gain, deitoratu dute poliziak piketeetan hainbat pertsona identifikatu zituela, bereziki, goizeko ekintzetan.

"Oro har, eskualdean erantzuna oso ona izan da", adierazi du LAB Eskuinaldea sindikatuko Iraide Juaristik. "Esanguratsua da Leioako Unilever lantegiko produkzioa % 90 eten dela; izan ere, industrian eta hezkuntza lanuzteek arrakasta nabarmena izan dute". Erantsi duenez, jarraipena apalagoa izan da administrazioa bezalako beste sektore batzuetan.

Greba-eguna goizean goizetik hasi zen, eskualdeko hainbat puntutan lanera zihoazen herritarrak informatzeko egon ziren piketeakaz. Pikete horiek gainera errepideetako trafikoa moteltzeko ekintzak ere egin zituzten, hala nola Artatzako suhiltzaileen parketik Avanzadatik zehar joan zen martxa motela edo errepideetan beste hainbat ekintza. Juaristik baieztatu duenez, Algortan eta Plentzian Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu zituen. Piketeak herrietako dendetara ere joan ziren greba-egunaren berri emateko eta horretara batu zitezen animatzeko.

Horren ondoren, Bilbon egin zuten manifestaziora joateko deia egin zuten eskualdetik, baina, arrastian, deialdiak ere egin zituzten herriz herri. LABeko ordezkariak azaldu duenez, 800 pertsona inguru bildu ziren Algortan  egindako mobilizazioan, 150 Erandion, 100 Leioan eta 150 Gorliz-Plentzian. 

Juaristik azpimarratu duenez, greba honek frogatu du jendea badagoela gutxieneko soldata duin baten alde mobilizatzeko: "Gai honek herritarrentzat garrantzi handia duela frogatu dugu, geroz eta kezka handiagoa baitago langileen pobretzearen inguruan". Horrez gain, aldez aurretik egindako lanketa ere "izugarria" izan dela azpimarratu du LABekoak, herriz herri komiteak sortu baitituzte eta horren emaitza izan direla egun osoko egitarauak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun