Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren 30. edizioa aitzakia ederra izan da liburua argitaratzeko, ez duzu uste?
Bai, lehen edizioa 1992an izan zen, baina bigarrena egin arte hiru urte pasatu ziren. Pandemia garaian ere bi urtez bertan behera utzi genuen. Beraz, lehiaketak 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du, baina zapatu honetan 31. edizioa egingo dugu. Liburua ez da txapelketa nola antolatu behar den azaltzen duen manual bat, baizik eta urte hauetan egindako lanaren hausnarketa bat; autokritika ere badauka, gauzak nola ez diren egin behar ere azaltzen dudalako.
Liburuan aipatzen duzu askok izan dutela lehiaketa horren berri, baina antzik ere ez diotela hartu. Formatua kopiatu dutenek ez dute Sopelakoaren arima eskuratu edo?
Egon dira antzeko ekimenak inguruan; adibidez, Mungian ez dakit oraindik ere egiten duten, eta Plentzian ere egin zituzten txapelketa batzuk. Gero Euskal Herrian seguru antzeko hainbat egitasmo ere egingo direla, baina nik horiek ez ditut ezagutzen. Niri oso pozgarria iruditzen zait formatua beste leku batzuetan ere errepikatzea, liburuaren helburua hori ere badelako, baina bitxiena da zaharrenak irautea oraindik ere.
"Ez da bertsolari txapelketa bat, esaera zaharrak ikasteko eta euskaraz jolasteko modu bat baizik. Hasieran, apur bat nahasgarria ematen duen arren, probatzen dutenei asko gustatzen zaie, eta errepikatzeko gogoa izaten dute."
Nola azalduko zenuke zer den zehazki Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa?
Jende askori izenak nahasmena eragiten dio, pentsa daitekeelako esaera zaharrak asmatzeko lehiaketa edo dela. Nahiko gauza berezia da, ez baitago bertsoak eta esaera zaharrak uztartzen dituzten lehiaketa asko. Gurean, bertsolariek bertsoak esaera zahar baten inguruan eraiki behar dituzte, eta parte hartzaileek zein esaerari erreferentzia egiten dioten asmatu behar dute, hori da jokoaren muina. Ez da bertsolari txapelketa bat, esaera zaharrak ikasteko eta euskaraz jolasteko modu bat baizik. Hasieran, apur bat nahasgarria ematen duen arren, probatzen dutenei asko gustatzen zaie, eta errepikatzeko gogoa izaten dute. Hori bai, lehiatzeko esaera zaharrak ikasi behar dira, eta partaideei ematen diegun zerrendan agertzen diren moduan esan behar dituzte.
Zein da ekimenaren jatorria?
Sopelako eta Algortako AEK-ko euskara-talderen arteko lehia giroan sortu zen. Eskualdeko AEK-ko irakasle historiko bi egon ziren jatorrian: Gabi Basañez eta Josu Landeta; biak bertsoen eta esaera zaharren zaleak. Hasieran, euskaltegietako taldeak tabernaz taberna egin zuten Algortan, bertsoak eta euskararekiko zaletasuna uztartzeko helburuarekin. Hasiera hartan formatua oso desberdina zen, baina hirugarren ediziotik aurrera gaur egungo formatua hartu zuen: goizean bertsoak idatzi, bazkaldu eta arratsaldean bertso-saioa egiten dugu. Urteekin aldatzen joan da, baina hori da funtsean.
Ekimen xumea izan arren, hainbat lagunek parte hartzen dute txapelketan, nola antolatzen duzue?
Urte batzuetan 30 talde ere izan ditugu! Baina egia da oso aldakorra dela, batzuetan manifestazio bat edo Athleticeko partidu batekin kointziditu duelako, eta horrek eragin izan digu. Hala ere, erronka handia da antolakuntza aldetik, gure baliabideak urriak direlako: sei antolatzaile gara, horietatik lau AEKideak; bat sopeloztarra, bestea gorliztarra eta Getxokoak gara besteok, eskualdekoak gara beraz. Eskerrak AEK-k eta Sopelako Udalak ere laguntza ematen digutela.
Azken urteetan gazte asko animatu dira parte hartzera, eta hori oso pozgarria da. Belaunaldi aldaketa bat ikusten ari gara eta horrek bizia ematen dio proiektuari. Espero dut belaunaldi berriak ere antolatzeko erreleboa hartzeko prest egotea.
Zergatik da zaila gaur egun halako herri-ekimenak antolatzea?
Agian gizarte indibidualista batean bizi garelako eta denbora falta zaigulako izango da. Dena azkar eta digitalki egin nahi dugu, baina halako gauzek dedikazio fisikoa eta denbora eskatzen dute: menuak pentsatu, bertsolariak deitu, musikariak ekarri, bazkaria antolatu... Garai batean paperarekin eta telefonoz egiten genuena, gaur egun konplexuagoa da. Hala ere, arrakasta handia izaten dugu, eta jendeak ondo pasatzen duela ikusteak merezi du.
"Herri-ekintzak antolatzeko ez dago formula magikorik. Liburuan gure akatsak eta gure arrakastak kontatzen ditut"
Liburuaren tituluak dioen bezala, manual bat al da?
Ez, ez da manual bat. Herri-ekintzak antolatzeko ez dago formula magikorik. Liburuan gure akatsak eta gure arrakastak kontatzen ditut. Beste herri batzuetan halakorik egin nahi badute, gure esperientzia balio diezaieke, baina bakoitzak bere erara moldatu dezake. Garrantzitsuena elkartzea eta ondo pasatzea da, hori da euskara kalera ateratzeko modurik onena.
Bukatzeko, zer da txapelketa honek zuri eman dizuna?
Harrotasuna ematen dit. Prozesu guztian parte hartzeak eta azkenean arrakasta duela ikusten duzunean, harro sentitzen zara. Ez da berez sortzen, lan handia dago atzetik. Nik oso ondo pasatzen dut, nahiz eta antolakuntzan sufritu. Mikrofonoa hartzen dudanean eta dena ondo doala ikusten dudanean, hori da nire saria.