Subflubiala EZ! plataformak ehunka herritar atera ditu kalera Aldundiaren proiektuaren aurkako mobilizazio berri batean

Hodei Torres · Ander Zarraga 2026ko apirilaren 27a

Ehunka pertsona bildu ziren zapatuan, apirilak 25, Itzubaltzeta/Romoko kaleetan, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuak ekarriko lituzkeen ondorio ekologiko eta sozialak salatzeko. Mobilizazioaren helburu nagusia Bizkaiko Foru Aldundiari proiektua behin betiko bertan behera uzteko eskatzea izan da.

Beste behin, Getxo eta Portugalete arteko proiektu hori "oso kaltegarria" dela ohartarazi zuten manifestazioan. Deialdia egin zuen plataformako kideen ustez, proiektuak sustatzen duen garraio ereduak "milaka kotxe gehiago" eramango ditu errepideetara, "dei efektua" sortuz. Proiektuaren ingurumen inpaktu txostenaren 14. orrialdean aipatzen den bezala, honek kutsadura eta berotegi efektuko gasen igoera ekarriko du. Testuinguru energetikoari erreparatuta, adierazi dute "petroleoarekiko dependentzia murriztea" inoiz baino garrantzitsuagoa dela, eta, hori dela eta, "garraio publiko gehiago eta auto pribatu gutxiago" aldarrikatu zituzten; hain zuzen ere, "Subflubialak sustatuko lukeenaren aurkakoa".

Era berean, lanak egingo diren inguruko ikastetxeen inguruan sortu den ezinegona ere nabarmendu zuten, horientzako albo-kalteak "oso larriak" izango direla ohartaraziz. Artaza-Romo institutua, Betiko Ikastola eta Romo eta Artaza eskolak ekainean komunikatu bat atera zuten proiektua geldiarazteko eskatuz, izan ere, proiektua egiteko lanek zein trafiko gehigarriak zuzenean eragingo diete. Hala, egoera larritzat jo dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu baitu Artaza-Romo institutuaren eraikin nagusia hustu beharra "mahai-gainean dagoen aukeretako bat" dela, lanek zentroan "normaltasunez ikastea ezinezkoa" egingo luketelako.

Gainera, Artatza parkearen eta Galindo errekaren egoera ere salatu dute: "Parkean hamarnaka zuhaitz ebakiko dituzte eta eremuaren laurden bat itxita egongo da obrek iraun bitartean". Bestalde, proiektuak zubibide bat aurreikusten du, eta honek Galindo errekaren ekosisteman "eragin negatiboak" izango dituela ere gaineratu dute, babestutako "arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) arriskuan jarriz".

Gastu publikoaren xahutzea 

Azkenik, proiektuaren kostu ekonomikoa izan dute hizpide: "500 milioi euro baino gehiago suposatuko lukeen gastua beste zerbitzu publikoetan (garraio publikoa, zaintza sistema, osasungintza)" inbertitu beharko litzatekeela nabarmendu dute. Gainera, bizi dugun inflazio egoerak kostu horiek are gehiago handitu ditzakeela gaineratu dute. Manifestariek argi utzi dute "mobilizatzen jarraituko" dutela proiektua gelditu arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun