Aldundiaren erabakiz, Artaza parkeari dagokion proiektuaren lehen lotea Ferrovialek gidatutako enpresa talde bati esleitu diote 133 milioi euroren truke. Bigarren lotea, Eskumaldeatik tunela zulatzeari dagokiona, Nortúnel, Geotunel eta Tunelan enpresek osatutako UTEari adjudikatu diote 144 milioi euroren truke.
Erabaki horren aurrean Subflubiala Ez plataformak "sekulako arduragabekeria" gisa deskribatu du adjudikazioakaz jarraitzea. Haien ustez, proiektua judizializatuta dagoenez, Aldundiak "indemnizazio itzelak" ordaindu beharko lituzke epaileek lanak azkenean gelditzea erabakiko balute.
Hori dela eta, herritarrei dei egin diete hurrengo mobilizaziotan parte hartzeko. Batetik, kontzentrazio zaratatsua egingo dute hurrengo martitzenean, maiatzaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan, Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Bestetik, uztailaren 4an eta 5ean Artatza parkean akanpada egingo dutela aurreratu dute, "gune kuttun hau defendatzeko dugun intentzioa argi erakusteko".
Ondorio ekologiko eta sozialak
Plataformak berretsi du proiektua "oso kaltegarria" dela, milaka auto gehiago errepidean jarriko dituelako, sortuko den "dei efektua" dela-eta, eta horrek kutsadura eta berotegi-efektuko gasak areagotuko duela. Testuinguru energetiko berrian, "petroleoarekiko dependentzia murriztea" eta "garraio publiko gehiago" bultzatzea ezinbestekoa dela uste dute.
Bestalde, inguruko ikastetxeetan (Artaza-Romo institutua, Betiko Ikastola eta Romo eta Artaza eskolak) eragingo dituen albo-kalteak kezkagarriak direla adierazi dute. Gogorarazi dutenez, Hezkuntza Sailak onartu du Artaza-Romo institutua hustu behar izatea aukera bat dela obren eraginagatik. Halaber, Artatza parkean hamarnaka zuhaitz ebakiko direla eta Galindo errekako ekosistema, zehazki babestutako arrain hiruarantza, arriskuan jarriko dela salatu dute.
Guztira 500 milioi eurotik gora kostatuko den proiektu honek "gastu publiko ikaragarria" suposatzen duela gaineratu dute, eta diru hori osasungintza, zaintza edo garraio publikoan inbertitu beharko litzatekeela aldarrikatu dute.