Askotan "menopausia" hitza erabiltzen dugu dena izendatzeko, baina badago termino ezezagunago bat: perimenopausia. Zertan bereizten dira?
Bai, medikuek menopausia terminoaz hitz egiten dute azken hilekotik urtebete oso bat igaro denean. Baina urte hori bete baino lehen, hilekoa batzuetan etorri eta besteetan ez dabilenean, perimenopausian gaude. Ziklo hormonal hori ez da lehen bezalakoa (lehengo 28 eguneko ziklo erregularra), baina ez da guztiz bukatu. Prozesu luzea izan daiteke; batzuetan buruko mina edo bularreko mina dugu eta ez dugu lotzen perimenopausiarekin, baina hilekoaren kantitatean eta maiztasunean aldaketa nabariak daude. Lehen ulertzen genuen gure gorputza, baina fase honetan sintomatologia nahasiagoa da.
"Ohiturak aldatu behar ditugu: lehen alkohola edateak edo errutina batzuek ez ziguten kalte egiten, baina orain deshidratazioa edo lo falta eragin dezakete. Lehen sentitu ez ditugun gauza berriak eta intentsuagoak dira"
Emakume bakoitza mundu bat da, baina zeintzuk dira normalean gehien ikusten diren sintomak fase honetan?
Gehienoi gertatzen zaiguna nekea da. Loaren aldaketak ere oso ohikoak dira: batzuetan itolarriak edo berotasun intentsoa (sofokoak), eta beste batzuetan hotza. Tenperaturaren desregulazio bat dago. Azalean, begietan eta baginan lehortasuna nabaritzen da, eta horregatik garrantzitsua da ura edatea eta hidratazioa zaintzea. Ohiturak aldatu behar ditugu: lehen alkohola edateak edo errutina batzuek ez ziguten kalte egiten, baina orain deshidratazioa edo lo falta eragin dezakete. Lehen sentitu ez ditugun gauza berriak eta intentsuagoak dira.
Aldaketa fisikoak garrantzitsuak dira, baina psikologikoki ere sumatzen da tsunamia, ezta?
Guztiz. Emozioak bizitzeko modua asko aldatzen da . Agian lehen gauza batzuek ez ziguten hainbeste axola, eta orain dena intentsitate handiz bizi dugu. Nik "nerabetasun berria" deitzen diot, dena oso intentsua delako. Lehen planoak ginen arlo batzuetan, eta orain sentimenduak "flipatzeko" modukoak dira. Ingurukoentzat ere gogorra izan daiteke, bikotea ispilu gisa geratzen baita askotan. Hipersentsibilitate bat dago: zaratak, hotzak edo beroak asko molestatzen digu. Gauza tristeak super tristeak dira... Emozioak digeritzeko denbora gehiago behar dugu orain.
Libidoan edo harremanetan ere eragiten du horrek?
Batzuetan motibazioa edo indarra falta zaigu, nekeagatik. Libidoari dagokionez, ez nuke esango jaitsi egiten denik, baina mutatu egiten da. Gure gorputza ez dago beti bezala, eta bikoteak (edo guk geuk) ikasi behar dugu nola ukitu, nola hidratatu, nola komunikatu... Lehengo rolekin jarraitu nahi badugu, arazoak datoz. Berriz hastea bezala da, beste zentzu batean. Ez da okerragoa, desberdina da: bigunagoa, sakonagoa.
Menopausia tabua izan da luzaroan. Gaur egun hitz egiten da honetaz ala ezkutuan jarraitzen du?
Duela urte batzuk egoera penagarria zen, baina hori aldatu da. Oraindik ez da behar beste hitz egiten, baina lehengoarekin konparatuta, badago mugimendua. Arazoa da askotan medikalizatu egiten dela (antidepresiboak eman eta kitto), prozesu psikologiko edo meditatiboa lagundu beharrean. Gainera, ez da nahikoa ikertu. Gizarteak "aguantatu" esaten dizu, baina ez dago ikerketa sakonik osasun publikoan gai honen inguruan.
Podcast bat grabatzekoa zara proiektu holistiko baten barruan. Zer landuko duzue bertan?
Bai, Mariankorekin egingo dugun proiektu bat da. Bertan nutrizionista bat, matrona bat, klown bat eta ni (psikologoa) egongo gara. Gai hau modu holistikoan landu behar da: elikadura, ariketa fisikoa eta osasun mentala uztartuz. Gorputza nola nutritu eta une potente hau nola bizi ikasteko saioa izango da.
"Ez zaitez errudun sentitu 10 kilo hartu badituzu, edo etxetik ateratzeko gogorik ez baduzu. Gorputzaren zikloak dira. Onartu dena ez dagoela gure esku eta gure ingurua ere moldatu egin beharko dela. Aldaketak ez du zertan borroka bat izan"
Amaitzeko, zer aholku emango zenioke fase honetan dagoen emakume bati?
Aholku potenteena: dena ez dagoela gure esku onartzea. Ez zaitez errudun sentitu 10 kilo hartu badituzu, edo etxetik ateratzeko gogorik ez baduzu. Gorputzaren zikloak dira. Onartu dena ez dagoela gure esku eta gure ingurua ere moldatu egin beharko dela. Aldaketak ez du zertan borroka bat izan.
Menopausia ikuspegi positibo batetik ikus daiteke, orduan?
Bai, aukera polita da gure zentzumenei kasu egiteko: zer entzun nahi dugun, zer jaten dugun, zer sentitzen dugun... Komunikatzen ikasteko erronka handi bat da. Gauzak eskatzeko eta gure beharrak argiago adierazteko momentu oso ona izan daiteke.