Perez-Landeta eta Gaubeka-Gordon nagusi palako Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketan

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 8a

Txapelketa hau munduko txapelketa jokatuko duten jokalariak hautatzeko prozesuaren parte ere izan da. © EEPF

Zapatuan, Larruzko Paletako eta Pala Motzeko txapelketako finalak jokatu zituzten Sopelako pilotalekuan. Lehenean, Landeta eta Ibai Perez izan ziren nagusi, eta Gaubeka eta Gordon gailendu ziren bestean. Txapelketa Argentinan jokatuko den Munduko Pala Txapelketarako Euskal Selekzioa osatzeko hautaketa-prozesuaren ardatza izan da.

Jendez lepo zegoen Sopelako pilotalekuan Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako pala finalak jokatu zituzten zapatu arrastian. Batetik, norgehiagokarik parekatuena Larruzko Paletako finala izan zen. Landeta eta Ibai Perez txapeldun izan ziren Madariaga eta Sierra hiru jokotan menderatuta: 14-15, 15-12 eta 8-10. Lehen jokoan, aurkariak aurretik joan arren, bikote berdeak azken tantoetan irauli zuen markagailua; bigarrenean, berriz, Madariaga eta Sierra suspertu eta finala hirugarren joko erabakigarrira eramatea lortu zuten.

Azken jokoan maila bikaina erakutsi zuten bikote biek, eta tanto ikusgarriek harmailak zutik jarri zituen tarteka. Seina berdindu ondoren, Landeta eta Ibai Perez 6-9 aurreratu ziren; aurkariek azken ahalegina egin arren, 8-10 itxi zuten jokoa eta txapela eskuratu.

Bestetik, txapelketako bigarren finalean, Pala Motzekoan, Gaubeka eta Gordon nagusitu ziren Zubiri eta Olazabalen aurka bi jokotan: 15-7 eta 15-11. Partida 6-4 zegoela, Erik Zubirik bularraldean ziztada sentitu du eta, hortik aurrera, ezker eskuz jokatu behar izan zuen ia dena; egoera horrek baldintzatu zuen neurri batean lehia, eta Gaubekak eta Gordonek partidaren kontrola hartu zuten. Bigarren jokoan ere Zubirik eta Olazabalek ahalegin handia egin zuten, baina une erabakigarrietan sendoago aritu zen bikote irabazlea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun