Basquemotion Summer Leage

Enaitz Olaeta: "Gure helburua pilotalekuak betetzea da, pala ikusaraztea eta liga profesionala erreferente bihurtzea"

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 11

Basquemotion Summer Leage txapelketaren aurkezpenean, Enait Olaetagaz batera hainbat pilotari ezagun ere egon ziren. © AIKOR

Basquemotion proiektuak martxoaren 28an egin zuen lehen jaialdia, pala profesionalari ikusgarritasuna eta formatu berritua emateko asmoz. Lortutako arrakastagaz jarraituz, aste-akabu honetan hasiko da Summer Leaguea: formatua errepikatuko duen txapelketa batean, Gaubeka, Madariaga, Madonado edo Gordon bezalako pilotari ezagunek Euskal Herriko zazpi udalerritan jokatuko dute uda osoan, horien artean, uztailaren 22an, Plentzian. Enaitz Olaetak proiektuaren sorrera, lehen jaialdiaren harrera eta hurrengo urratsak azaldu ditu.

Martxoaren 28an egin zenuten Basquemotionen lehenengo jaialdia. Zergatik erabaki zenuten proiektua martxan jartzea?

Urteetan zehar pala profesionalaren eta palisten egoera nahiko txarra izan da. Ez pelotarientzat bakarrik, pala jokatu gura duten gazteek ere ez dute erreferenterik izan. Azken urteetan, txapelketaren eta jokalarien kudeaketa nahiko kaskarra izan dela uste dugu, eta hori izan zen proiektua sortzeko arrazoietako bat.

Horrez gain, pilotariekin batera, talde moduan pala profesionala eta Bizkaia Frontoia kudeatzeko lehiaketa publikora aurkeztu ginen, baina uste dugu esleipena inpartziala izan dela. Hala ere, prozesuak irekita jarraitzen du oraindino, baina asko luzatzen ari zenez, bi urte eta erdi, hain zuzen, guk itxaron beharrean zerbait egitea erabaki genuen. Horregatik erabaki genuen Basquemotion ekimen pribatua martxan jartzea.

Zein da Basquemotionen helburu nagusia?

Pala profesionaleko liga erreferente bihurtu gura dugu, mailarik altueneko pilotariekin. Lehenengo jaialdia martxoaren 28an egin genuen, eta kirola beste modu batean aurkeztu genuen: zuzeneko musika, aurkezle bat eta jaialdi osoan zehar giro musikala egon ziren. Kirol-emaitzaz gain, jendearen erantzuna ere oso ona izan zen. Hemendik aurrera antolatuko ditugun txapelketek eta ligek ildo horri jarraituko diote, eta uda honetan Summer Leage egingo dugu. Euskal Herriko zazpi herritan jokatuko da liga-fasea eta irailean izango da, baina oraindik ez dugu erabaki non egingo den.

Aurten urte berezia da, munduko txapelketa ere badagoelako. Mundialaren ondoren, gure asmoa txapelketekin jarraitzea da: banakakoak, binakakoak eta beste formatu batzuk antolatzea. Gure txapelketek izaera propioa eta egutegi egonkorra izatea gura dugu. Urtero errepikatuko diren hitzordu finkoak egongo lirateke, eta horiez gain jaialdi bereziak antolatuko genituzke.

Ohiko pilota-jaialdietatik aldendu gura duzue, beraz?

Bai. Gure asmoa ez da partida batzuk antolatzea soilik. Kirol-lehia eta ikuskizuna uztartu gura ditugu, publikoak esperientzia oso bat bizi dezan. Frontoira joatea erakargarria izatea gura dugu, bai zaleentzat, bai modalitatea hainbeste ezagutzen ez dutenentzat. Horregatik, musika, aurkezpena eta giroa zaintzen ditugu. Pala beste modu batean erakutsi daitekeela eta publiko gazteagoarengana ere irits daitekeela uste dugu.

"Gu lehiaketa publiko batetik kanporatu gaituzte, eskaintza arriskutsutzat jota, baina frontoia betetzeko gai izan gara. Bitartean, diru publikoarekin lanean ari diren enpresek txapelketak antolatzen dituzte eta ia ez da ikuslerik joaten"

Lehen jaialdiak oso harrera ona izan zuen. Zer ondorio atera zenuten?

Alde batetik, gure antolakuntza-ereduak funtzionatzen duela ikusi genuen. Frontoia bete egin zen, jendea sarrerarik gabe geratu zen, eta, gainera, publiko oso gaztea hurbildu zen. Giro ederra egon zen, eta gu oso pozik geratu ginen.

Bestetik, gaur egun enpresak antolatzen dituzten partiden eta gure proposamenaren arteko aldea agerian geratu zen. Gure jaialdiaren aurreko barikuan finala jokatu zuten Bizkaia Frontoian, eta argazkietan ia ez zen publikorik ikusten. Gure kasuan, berriz, frontoia bete egin zen. Egoera hori esanguratsua iruditzen zaigu. Gu lehiaketa publiko batetik kanporatu gaituzte, eskaintza arriskutsutzat jota, baina frontoia betetzeko gai izan gara. Bitartean, diru publikoarekin lanean ari diren enpresek txapelketak antolatzen dituzte eta ia ez da ikuslerik joaten.

Zergatik utzi zuten zuen proposamena lehiaketatik kanpo?

Bi enpresa aurkeztu ginen lehiaketara. Beste eskaintza gehieneko aurrekontura joan zen, eta guk ia 500.000 euro merkeagoa zen eskaintza errealago bat aurkeztu genuen. Gure eskaintza arriskutsutzat jo zuten, ustez jaitsiera handiegia zelako. Baina guk txosten bat aurkeztu genuen partida eta gastu guztiak justifikatzeko. Gastu asko ez genizkion osorik lehiaketa horri egozten, enpresa batek bezero bat baino gehiago izan ditzakeelako. Dena behar bezala azaldu genuen, eta gure kalkuluen arabera %10 inguruko irabazi-marjina ere bazegoen. Hala ere, kanpoan utzi gintuzten. Deigarria da Aldundiak urtean 500.000 euro aurrezteko aukera izatea, funtzionatzen duen proiektu batekin, eta hala ere lana beste enpresari ematea. Gure ustez, aztertzeko moduko erabakia da.

Guk bazterketaren aurkako helegitea aurkeztu dugu, eta prozesuak jarraitzen du, baina prozesu administratiboak oso geldoak dira, eta orain dagokion errekurtso-organoaren erabakiaren zain gaude.

Basquemotionen jarduera eta lehiaketa publikoaren inguruko auzia paraleloan eramango dituzue beraz?

Bai, bi bide desberdin dira. Alde batetik, gure lana egiten jarraituko dugu: gure helburua frontoiak betetzea, pala ikusarazi eta liga profesionala erreferente bihurtzea da. Bestetik, gure eskubideak defendatzen jarraituko dugu, jasotako erabakia bidegabea izan dela uste dugulako.

Etorkizunean bi ereduak bateragarriak izan daitezke?

Bai, guztiz bateragarriak dira. Bizkaia Frontoiaren esleipena lortuko bagenu, beste frontoi bat izango genuke gure txapelketak antolatzeko. Horrek ez luke Basquemotionen jarduera ordezkatuko, baizik eta indartu. Gure ustez, herrietan egoten jarraitu behar dugu berdin-berdin: gure proiektu propioa garatzen eta, aldi berean, pala profesionalak behar dituen azpiegitura eta aukera instituzionalak aldarrikatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun