San Juan bezperako suak, bertan behera beroagatik

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 23a

Uribe Kostako hainbat udalek bertan behera utzi dituzte gaur, ekainaren 23an, egitekoak ziren San Juan bezperako suak, Eusko Jaurlaritzak muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta gorria eta sute-arriskua direla eta. Besteak beste, Getxon, Berangon, Barrikan, Plentzian, Urdulizen, Lemoizen, Sopelan eta Gorlizen, besteak beste, ez dute surik piztuko; hala ere, udalerri gehienetan programatutako gainerako jarduerak mantendu egingo dituztela iragarri dute.

Getxon, San Nikolas plazako jaiaren gainerako ekitaldiak bere horretan utziko dituzte, sua bertan behera geratu arren. Berangoko Udalak ere ez du San Juan sua piztuko, eta baserrietako zein landa-eremuetako bizilagunei eskatu die ez dezatela surik piztu, segurtasun-arrazoiak direla medio. Plentzian ere ez dute surik egingo, baina San Juan bezperako egitarauko beste jarduera batzuk mantenduko dituzte, tartean txokolatada, suaren igoera eta irudikapena.

Leioako jaietan ere aldaketak iragarri dituzte gaurko egitarauan. Udalak jakinarazi du haurrentzako hainbat jarduera, Zumba saioa eta kuadrillen arteko azeriaren ehiza bertan behera geratu direla; beste ekitaldi batzuk, berriz, ordutegiz aldatu dituzte. Udalek herritarrei zuhurtziaz jokatzeko eta segurtasun-neurriak errespetatzeko eskatu diete, beroaldiak eta sute-arriskuak eragindako egoera berezi honetan.

Barrika ere San Juan jaietan murgilduta dago, baina beroa dela eta hainbat ekintza bertan behera geratuko dira gaur, tartean, belaunaldien arteko dantzak eta San Juan bezperako sua. Biharko herri-bazkaria ere ez dute egingo. Hala ere, gaurko programatutako diskofesta, txokolate-jana, Tai Chi erakustaldia eta Meñakoz Dantza Taldearen Kolpez San Juan gaua ikuskizuna bere horretan mantenduko da.

Urdulizen, sua pizteko ekitaldia bertan behera geratu da, baina arratsaldeko programazioari eutsiko diote Kultur Etxean: 19:30ean diskofesta izango da, eta 21:30ean txokolatada; antolatzaileek norberaren edalontzia eramateko eskatu dute. Lemoizen, jai-batzordeagaz adostuta, auzoetako San Joan bezperako suak bertan behera utzi dituzte, baina gainerako ekintzak mantendu egingo dituzte Andrakako, Urizarko eta Armintzako programazioetan.

Sopelan ere ez dute San Joan bezperako surik piztuko, muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta gorriaren ondorioz. Udalak jakinarazi duenez, oraingoz bestelako ekintzek aurrera jarraituko dute; besteak beste, haurrentzako tailerrak, txokolatada eta ikuskizun ibiltaria aurreikusita daude. Gorlizen, San Juan gaueko sua bertan behera utzi dute tenperatura altuengatik eta sute-arriskuagatik, baina programatutako gainerako jarduerak normaltasunez egingo dituztela iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun