Ekintzaileak Maputxe ezizenaz ezaguna da, eta tunelaren proiektuaren aurkako egitasmoari elkartasuna adierazi gura zian dio, horretarako, hurrengo egunetan zuhaitzean jarraitzeko asmoa agertu du, Aldundiaren egitasmoak ingurumen-eraginak salatzeko. Subflubiala EZ plataformaren arabera, proiektuak Artatza parkeko hamarnaka zuhaitz moztea ekarriko luke, eta, horrez gain, errepideetara auto gehiago erakarriko lituzke, kutsadura eta berotegi-efektuko gasen isurketak handituz. Azaldu dutenez, ekintzaile horrek Frantziako A69 autobidearen aurkako mobilizazioetan ere parte hartu du, eta han izan zuen Lamiakoko tunelaren proiektuaren berri.
Plataformak nabarmendu du Artatza parkea inguruko auzoen "birika berdea" dela, eta tunelaren obrek eragin zuzena izango luketela bertan. Era berean, Artatza-Romo institutuaren egoeraz ohartarazi dute, obren eremutik 55 metro eskasera baitago. Ikastetxeko irakasleen arabera, leherketek, induskatzeko makinek eta kamioien joan-etorriek sortutako zaratek eta bibrazioek zaildu edo ezinezko egin dezakete eguneroko jarduera akademikoa normaltasunez garatzea. Horrez gain, hautsak eta trafikoaren hazkundeak eragindako aire-kutsadurak ikasleen eta langileen osasunean izan dezakeen eraginaz ere ohartarazi dute.
Akanpada aste-akabuan
Testuinguru horretan, Subflubiala EZ plataformak akanpada antolatu du Artatza parkean uztailaren 4an eta 5ean, proiektuaren aurkako jarrera indartzeko eta parkea defendatzeko. Zapatuan, besteak beste, bolei-txapelketa, azoka, erresistentzia-tailerra, bazkaria, bertso-saioa, muralismo eta brandalismo tailerrak, dantza-plaza, Pinakaren kontzertua, afaria eta gaubela egingo dituzte. Domekan, berriz, gosaria, Artatza parketik ibilbide historiko-naturala, umeentzako ipuin-kontalaria eta Haustura metabolikoa podcasta izango dira.
Plataformak auzokideak eta herritarrak gonbidatu ditu asteburuko ekintzetan parte hartzera, "giro ludiko eta aldarrikatzailean" tunel subflubialaren aurkako oposizioa erakusteko. Subflubiala EZen esanetan, proiektuak ez die soilik ingurumenari eta mugikortasunari eragingo, baizik eta auzoko eguneroko bizitzari, hezkuntza-jarduerari eta osasunari ere bai.