Subflubiala EZek kontzentrazio zaratatsua egingo du gaur Diputazioaren aurrean

Iratxe Ugartetxea Muelas

Plataformak hezkuntza komunitateagaz batera mobilizazio jendetsua egin zuen irailaren 9an.

Plataformak salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpiko tunelaren obrek iraun bitartean zarata mugak kenduko dituela Artatza parke inguruan (Leioa), eta proiektua bertan behera gelditzea eskatu du berriz ere. Kontzentrazioa gaur egingo du, urriak 13, 18:00etan, Aldundiaren jauregiaren aurrean.

Plataformak azaldu duenez, Aldundiak erabaki horren berri eman zuen urriaren 1ean argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Subflubiala EZek salatu du neurriak arriskuan ipiniko lukeela inguruko ikastetxetako ikasle eta langileen osasuna, baita inguruan bizi diren ehundaka auzokideena ere.

Izan ere, proiektuaren ingurumen inpaktu txostenaren arabera, obrek zarata maila legalak 1300 lanegun baino gehiagotan gaindituko lituzkete institutuko patioan, 800 baino gehiagotan eraikin nagusian, eta 600 baino gehiagotan institutuan eta auzokideen etxebizitzetan.

Lanek inguruko ikastetxeetan izango lituzketen eraginagatik kezkatuta

Subflubiala EZ plataforma hezkuntza komunitateagaz batera mobilizatu zen pasa den hilabetean, obrek ondorio larriak izango lituzketela inguruko ikastetxeetan salatzeko. Aurretik, Artaza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak, Artaza Pinueta eskolak eta Romo eskolak dokumentu bat sinatu zuten Aldundiari obrak gelditzeko eskatzeko, ikasleengan izango lituzkeen ondorioengatik, eta sindikatu nagusiek (Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT) berdina eskatu zuten. Hala ere, ez zuten Aldundiaren erantzunik jaso.

Subflubiala EZek salatu zuen Aldundiaren 2023ko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak Artatzako parkeko eta tuneleko leherketak erabat baztertu zituen arren, eraikin sentikorretarako (Artaza-Romo institutua tartean) eragin "onartezinak" izan zitzaketelako, Aldundiak dokumentua aldatu eta leherketak baimendu zituela gero, horrela obren epeak murriztuko direla argudiatuz, nahiz eta leherketa horiek zarataren eta bibrazioen legezko mugak gaindituko lituzkete.

Horregaz batera, plataformak proiektuak osasun publikoan duen arriskuaz ohartarazi zuen, bereziki ikasleentzat eta arnasketa-arazoak dituzten pertsonentzat. Izan ere, obren inguruko ikastetxeak eta bizilagunak urteetan zehar kutsatzaileekiko etengabeko eraginpean egongo lirateke, arnasketa-arazoen areagotzea, intzidentzia handiagoa eta konplikazioak ekarriko lituzkeena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun