Politika 2004-02-19 23:08

"Presoak Europara" ekimenaren gaineko hitzaldia ostiralean Larrabasterran

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtarrilean egindako "Presoak Europara" ekimena aurretik uste baino "positibo eta interesgarriagoa" gertatu da. Hori ikusita hitzaldiak antolatu diituzte eskualdeetan, bertan parte hartu zutenek beraiek ekimenaren emaitzak eta istorioak azaldu eta konpartitzeko. Besteak beste, ostiral honetan, Larrabasterrako Zaharren Egoitzaren aurreko lokalean egongo da solasaldia, 20:00etatik aurrera.
  Politika 2004-02-18 22:28

Getxo Biziak Lurralde Plan Partzialari 13 alegazio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Berriki Bilbo Metropoliaren Lurralde Plan Partzialaren hasierako onespenari alegazioak aurkezteko epea bukatu da. Bizkaiko aldundiak ezker abertzalea instituzioetatik kanporatua dagoen unea baliatu du, Bilbo eta inguruko eskualdeen etorkizuna zehazten duen lurralde antolamendu plangintza tramitatzeko. Euroa zela eta ez zela ekuazio sinple bat zabaltzeko milaka eskuorri, iragarki eta kanpainarekin bonbardatu bagintuzten, oraingoan ez diputazioak ez udalek, ez dute LPP-PTP ezagutarazteko eta etorkizunari buruzko eztabaida zabaltzeko ezelako bitartekorik jarri.
  Politika 2004-02-17 21:32

"Espainiar eta frantziar inposaketari ez" esan diote Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako hainbat herritarrek "espainiar eta frantziar inposaketari ez" esaten diote, eta datozen hauteskundeetan Bergarako Proposamenaren alde bozkatzea eskatu dute, horrela "Euskal Herria aitortu eta errespetatu" leloa gauzatuz.

Agerraldian, herriko kirolari ospetsuak, preso ohiak, unibertsitateko irakasleak, errepresaliatuen senitartekoak, kultur munduko pertsonak zinegotzi ohiak eta orohar ezkertiar eta abertzale direnak izan ziren.
  Politika 2004-02-17 21:31

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren Hausnarketari buruzko hitzaldia bihar Erromon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren Hausnarketa Prozesuaren baitan, hainbat ekitaldi publiko burutzen ari dira Uribe Kosta eskualdean. Besteak beste, otsailaren 18an (bihar), hitzaldia emango dute 20:00etatik aurrera, Erromoko Herriko Tabernan. Otsailaren 19an (etzi), berriz, Leioako Kultur Etxean izango da ekitaldia ordu berean. Bietan, sarrera dohainik izango da.
  Politika 2004-02-13 22:02

Jose Antonio Agirre Herriko Ohorezko Seme izendatu nahi dute Getxoko EAJ eta EAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udal Gobernu Batzordeak Jose Antonio Agirre Getxoko Ohorezko Semea izendatzea proposatuko du hurrengo osoko bilkuran (otsailak 27). Izendapen hau, hain zuzen, udalerrian jaio ez diren pertsonentzako ohore eta goraipamenik handiena da, 1995eko urtarrilaren 27ko udalbatzan onetsitako Ohore eta Goraipamen Arautegian aurreikusitakoaren arabera. Martxoaren 6an ospatuko da Agirreren jaiotzaren urteurrena.

EAJk eta EAk egin dute proposamena Jose Antonio Agirre jaio zenetik urteurrena laister beteko delako. Iñaki Zarraoa alkatearen esanetan "Agirreren jarduera, profesionala zein politikoa oso aipagarria izan zen, eta horrexegatik merezi du guk horrelako ohorea ematea". Getxoko Udalak bere senitartekoei Getxoko Ohorezko Semearen aipamena emateko protokolozko ekitaldia aurreikusi du, Udaletxeko areto nagusian bertan ospatuko dena.
  Politika 2004-02-13 22:02

Hautes-bulegoa zabaldu du Areetan PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaian zabalduko dituztenen artean, lehendabiziko hautes-bulegoa inauguratu du Areetako Mesedeetako Ama kalean PPk. Bertan, hurrengo hauteskundeei buruzko informazioaz gain, azken bi legegintzaldien balantzearen eta popularren "proposamen eta konpromizuen berri" emango zaie getxoztarrei. Marisa Arrue Diputatuen Kongresurako hautagai eta Getxoko PPko bozeramaleak azaldu duenez, Nuevas Generaciones-eko kideak arduratuko dira bulegoaz eta, goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:30era, egongo da zabalik astelehenetik ostiralera. Larunbatetan ere goizean irekiko dute. Eta hauteskunde kanpaina garaian igandeetan ere bai.
  Politika 2004-02-12 21:56

Errekurtsoaren erabakiaren zain segitzen du Marian Perez del Riok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Baldintzapeko askatasunaren kontrako errekurtsoaren erabakiaren zain segitzen du oraindik Marian Perez del Rio algortarrak. Errekurtso honen bista urtarrilaren 21ean izan zen, eta "egundo ez da kasu hauetan holako atzerapenik ezagutu", Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez. "Espetxean 11 urte egin ondoren eta kalean baldintzapeko askatasunean urte bat baino gehiago daramanean ez dago inolako arrazoirik Marian berriro espetxean sartzeko. Marian gurekin nahi dugu, kalean eta libre!", adierazi dute.
  Politika 2004-02-12 21:31

A eredua "diskriminatzea" egotzi dio administrazioari Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Haurrak euskarazko ereduetan matrikulatzea bultzatzen duen kanpaina kritikatu du gaur Erandioko PPk. "Haurren hezkuntza eredua baldintzatzeko saiakeratzat" jo du kanpaina, prentsa ohar baten bidez, Javier Ruiz zinegotziak, "gurasoei D eredua aukera onena dela esaten dielako". Ruizek esan duenez, "nahiz eta egiazkoak izan, haurren hezkuntza eredua aukeratzeko orduan gurasoen erabakia baldintzatzen duten datuak eskaintzen dira". Gainera, "abertzaleek eredu honi buruz egiten duten politika diskriminatzailearen erruz" gaztelaniazko eredua atzera joatea deitoratu du.
  Politika 2004-02-11 22:58

Torturaren Aurkako Eguna ostiralean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Espainiako Poliziak 1981eko otsailaren 13an torturatuta hil zuen Joxe Arregiren hilketa errefentzia hartuta, Torturaren Aurkako Eguna egiten da urtero, data horretan, Euskal Herri osoan. Hain zuzen ere, "urtero egiten da, tortura eguneroko kontua delako Espainiako polizia etxeetan, baita Ertzaintzarenean ere", Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek adierazi dutenez. Hori dela eta, torturaren kontrako elkarretaratzea egingo da, ostiral honetan 20:00etan, Algortako Telletxe plazan. Konzentrazioaren aurretik esku orriak banatuko dira, eta mahai bat jarriko da Torturaren gaineko txostenak bertan saltzeko.

Larunbatean, berriz, torturaren aurkako manifestazio nazionala deitu dute Donostian. "25 urte torturapean! Aski da!" lelopean, Boulevardetik abiatuko da 17:30ean. Bertara joateko autobusen txartelak Algortako Amnistiaren Tabernan eta Gorrondatxen egongo dira salgai ostiralera arte. Izan ere antolatzaileek adierazi dutenez, komeni da txartelak lehenbailehen hartzea, autobusak alokatzeko orduan behar diren leku guztiak bermatu ahal izateko.

Manifestazioarekin bat egin nahi duen orok, askida@stoptortura.com helbidera igorri dezake atxikimendua.
  Politika 2004-02-10 22:21

Bakearen aldeko kanpaina aurkeztuko dute bihar Sopelan Lasak eta Urkijok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bakea eta askatasunaren aldeko sentsibilizazio kanpainaren aurkezpeta hartuko du otsailaren 11an (bihar), arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera, Sopelako Udaletxeak. Maixabel Lasa Biktimen Laguntzarako Bulegoko arduradunak eta Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide zuzendariak emango diote hasiera ekitaldiari. Horrekin batera, Terrorismoaren Biktimen aldeko Laguntza eta Sentsibilizazio Kanpainaren barruan Jaurlaritzak berak egindako bideoa eskainiko da.
  Politika 2004-02-06 22:16

Ikasle presoenganako tratu berezirik ez dagoela erantzun dio PPri Iztuetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatutako ikasle presoen gaineko txostenak, hauenganako "faborezko tratua dagoenik" ez du adierazten, Iñaki Ortega PPko legebiltzarkideak egindako galderari Angeles Iztueta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuak erantzun dionaren arabera. Halaber, kezkatuta agertu da Iztueta, "behin eta berriro, EHUren kalitatea eta profesionaltasuna dudatan jartzen" ahalegintzen direlako popularrek.
  Politika 2004-01-30 18:16

Espainiari "ezezkoa" emango dio ezker abertzaleak bihar Erromon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Martxoko Espainiako hauteskundeei begira, ezker abertzaleak bultzaturiko "Euskal Herria aitortu, errespetatu" ekimena aurkeztuko dute bihar, 13:00etatik aurrera, Erromoko Ibaiondo kalean. Euria egiten badu, berriz, elizako arkupetan izango da ekitaldia.

Badira hilabete batzuk abian jarri zela. "Espainiak Euskal Herriari inposaturiko gatazka eta errepresioari ezetz esatea eta, era berean, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz, gatazkaren konponbiderako aukerak jorratzea" da bere helburua, ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez.
  Politika 2004-01-23 21:58

Nahiz eta PPk debekatzeko eskatu, kontzertua emango du Algortan Fermin Muguruzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Fermin Muguruzak urtarrilaren 31an eskainiko duen emanaldia bertan behera uzteko eskatu dio, EAJk, EAk eta IU-EBk osatzen duten Gobernu Batzordeari eta Iñaki Zarraoa alkateari berari, Getxoko PPk, "terrorismoaren apologia egin ez dadin". Udal Euskara Zerbitzuak antolatutako "Kantuketan 2004" jardunaldien barruan, kontzertua emango du egun horretan abeslari irundarrak, Algortako Portu Zaharrean. Hala ere, popularren eskaera ez dute kontutan izan Kultura Batzordekoek eta aktuazioa mantentzea erabaki dute.
  Politika 2004-01-21 20:56

Lurralde Plan Partzialari buruzko eztabaida jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bilbo Metropoliaren Lurralde Plan Partziala - LPP uztailean behin behingoz onartua izan ondoren eta urtarrilaren 30 arte alegazio epea irekita dagoelarik, Getxo Bizia plataformak datozen egunetarako ekitaldi desberdinak antolatu ditu. Urtarrilaren 23an, ostirala, hitzaldia 19:30ean Algortako kultur etxean. Txema Piko Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide ohia eta Getxo Bizia plataformako kidea den Christian Reinicke planaren nondik nora aztertuz arituko dira.
  Politika 2004-01-21 20:34

Erromoko Segik eztabaida prozesu nazionalaren amaiera ospatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken hilabeteotan gazte erakundeak Euskal Herri osoan burutu duen eztabaida prozesua dela eta, bukaera ekitaldia prestatu du Erromoko Segik datorren ostiralerako, urtarrilak 23.
  Politika 2004-01-19 22:23

Udaletxean Espainiako bandera jartzea eskatu du Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 28ko 39/81 Legeak ezarritakoa betez, "Ikurrinarekin eta Europako banderarekin batera, Espainiakoa" ere udaletxean jartzea eskatu du gaur Javier Ruiz Erandioko PPko bozeramaleak. Prentsa oharraren bidez, zinegotziak gogora ekarri duenez, "Arkauteko Ertzaintzaren Akademian, Ikurrinarekin batera, Espainiako bandera jartzea agindu du, orain dela gutxi, EAEko Auzitegi Nagusiak". Horrekin batera, "Ikurrina eta Espainiako banderaren arteko gatazkarik" ez dutela nahi adierazi du Ruizek. "Hori da, hain zuzen ere, Ibarretxe planak bilatzen duena; Ikurrina baino ez duelako guztion ikurtzat hartzen, Espainiako bandera bazterrean utziz. Guk, aldiz, biak udaletxean nahi ditugu, Europakoarekin batera, normaltasun osoz eta Legea betez", gaineratu du.
  Politika 2004-01-19 20:56

Udalbiltzari "ezkutuan" diruz laguntzea egotzi dio Udalari Leioako PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Aurrekontuetan adierazita ez zegoen arren", 2003an Udalbiltzari 6.250 euroko dirulaguntza eman zitzaiola salatu zuen, ostiralean, Xabier Olabarrieta Leioako PPko bozeramaleak. Berak azaldu zuenez, "leioatar guztien dirua alderdikeriaz kutsatutako erakunde bati ematen ari ez zitzaiela egiaztatzeko, goitik behera aztertu genituen aurrekontuak abertzaleak ez garen alderdikook". Hori dela eta, aipatutako diru partida "tentu handiz tapatzea" egotzi dio EAJri Olabarrietak. "Horretaz inorekin hitzegin ez zuten arren, amarrua agerian geratu da, 2004ko aurrekontuak 2003koekin konparatu ditugunean", azaldu zuen PPko ordezkariak.
  Politika 2004-01-16 22:17

EAJren etxebizitza politika "negargarri" jo du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Etxebizitza arloari dagokionez, EAJk "kudeaketa kaskarra" darabilela salatu du gaur Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak, Eduardo Andrade eta Mercedes Pérez zinegotziekin batera egindako agerraldian. Bere hitzetan, "udalerria Espainiako garestienetakoa bilakatzea" eragin du horrek. Merkatu libreko etxebizitza hizpide, jeltzaleek Herri Antolaketa Plan Orokorra garatzeko inolako asmorik ez dutela kritikatu du Arruek, "orain dela bi urtetik indarrean egon arren, dauden sei egitasmoetatik bat bera ere ez baitute garatu". Horrek etxebizitzen garestitzea ekarri du, bere ustez.
  Politika 2004-01-15 22:54

Udalbiltza diruz laguntzen jarraitzeagatik, "gezurtitzat" jo du Zarraoa PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "2001etik 2003rako epean, Udalbiltzari edota antzeko erakundeei dirulaguntza eman izana ezeztatzeagatik, herritarrei gezurra esatea" leporatu dio Iñaki Zarraoa Getxoko alkateari, Luis Almansa PSE-EEko bozeramaleak. Gobernu Batzordeak erabakitakoaren arabera, 30 mila euroko laguntza (5 milioi peseta garai horretan) eman omen zitzaioan 2000eko irailaren 26an Udalbiltzari, Kutxako kontu korrontean egindako diru-sarreraren bitartez. Horrela adierazi du Almansak, kontu korronte hori Udalbide Elkarlan Elkartearen izenean dagoela gaineratzearekin batera.

"2001ean eta 2002an ez-ezik, 2003ko abenduaren 30ean 30 mila euroko diru kopurua kontu korronte berberan sartzeko erabakia hartu du Gobernu Batzordeak. Argi dago, Getxoko Udalarena den dirua Udalbiltzari ematen jarraitzen dutela", azaldu du sozialisten ordezkariak.
  Politika 2004-01-15 20:44

Aurrikusitako 3.369 etxebizitzak "nahikoa" direla dio Berangoko alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hurrengo 16 urteetako barne zein kanpo hazkundeari erantzuna emateko, 3.369 etxebizitza egitea "nahikoa" dela adierazi du Miren Dobaran Berangoko alkateak, IU-EBk egindako kritikei erantzunez. Bilbo Metropolitarrerako, Lurralde Plan Partzialak (PTP) ezartzen duen ehuneko 24ko gutxiengoa jaisteko udalbatzarrak hartutako erabakia, "gizarte-kohesioa" bermatzea du helburu, Dobaranek argitu duenez.