Herritarren artean euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen Lemoizko Etzandarri mendi-taldeak beste irteera bat prestatu du domeka honetarako, hilaren 28rako. Txangoa Armintzako autobus-geltokitik irtengo da goizeko 09:30ean, Trianoko mendiak ezagutzeko asmoz. Zehazki, Peñas Negrasetik abiatuta Peña Pastores (673m) eta Peña San Juan (668m) igoko dituzte. Behin gailur bi horiek eginda El Sauco eta Urallaga kobazulo eta mehategiak ezagutuko dituzte. Hala, Peñas Negrasera itzuliko dira ibilbide zirkular bat osatuz. Antolatzaileek gogorarazi dute beharrezkoak direla frontalak eta linternak.
Aurtengo maiatzean Getxon izango den Ibilaldiaren baitan, San Nikolas Ikastolak herriko kirolarien arteko erronka antolatu du urtarrilaren 28rako, domekarako. Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua, Biotz Alai plazan, eta bertan arituko dira tokiko futbolariak, errugbilariak, surflariak, igerilariak, pilotariak, etab. Horrez gainera, ikastolen jaiaren arropa salgai izango dute ere.
Urtarrilaren 17tik 31ra, Gorlizko KZguneak “Smartphoneak eta tabletak. Zure Android gailua erabiltzen ikasi” izeneko ikastaroa eskainiko du. Hala, xedea da ikastea gailu horiek pertsonalizatzen eta sare batera konektatzen ikastea. Horrez gain, Android mugikorren aplikazio desberdinak erabiltzeko eta kudeatzeko gaitasuna landuko dute. Betiere, ezinbesteko betekizuna izango da Android gailu bat izatea eta gomendagarria da bertan memoria nahiko edukitzea ikastaroaren jarraipena egokia izan dadin. Izena emateko eta informazio gehiagorako hemen.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.