Iazko arrakastaren ondoren, bigarrenez egingo dute Barrikako itsaslabarrak eta barnealdea zeharkatzen duen 13,22 kilometroko ibilaldia. Oraingoan ere, parte-hartzaileek korrika edo oinez egin ahalko dute zeharkaldia, eta izena emateko epea maiatzaren 3an amaituko da, 15 euroren truke.
Felix Larekiren “Momentos VI” erakusketa hogeita sei lanek osatzen dute. Hiri-pintura, argia eta inguruko kontrasteak eta itsasoaren edertasuna dira erakusketa honen hiru zio nagusiak, eta asmoa du egilearen obraren lan adierazgarrienen aukeraketa bat erakustea bisitariari. Felix Larekik, artista sortzaile eta polifazetikoak, bere “Realismo expresionista” obraren aukeraketa bat erakusten du “Momentos VI” lanean, eta nagusiki naturarekiko, espazio irekiekiko eta itsasoarekiko maitasuna islatzen du. Kutsu hiperrealista nabarmena dute hiri-pinturako paisaia batzuk.
Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.