Dozenaka auzokidek protesta egin zuten zapatuan, hilaren 6an, Goierrin Udala egiten ari den urbanizazio-proiektuaren kontra. Diotenez, agintariek egitasmoa garatu dute auzotarrei galdetu gabe, eta, horregatik, lanak bertan behera uztea exijitu diote Udalari. Horretarako, 300 sinadura inguru batu eta joan den maiatzaren 4an Udalari igorri zizkiotela jakinarazi dute auzokideek.
Herritarrek gogoratu dutenez, Goierri berriro urbanizatzeko proiektua aurkeztu zuen Barrikako Udalak martxoaren 21ean, publikoki, eta bilkura horretan auzokide asko egitasmoaren aurka agertu zirela azpimarratu dute, eta haien iritziak eta ekarpenak kontutan hartu gabe proiektua egin izana deitoratu dute. Are gehiago, salatu dute Udalak ukatu egin diela alegazioak egiteko aukera.
Kontuak horrela, Udalaren jarduteko moduaz gainera, proiektuaren beraren hainbat puntu kritikatu dituzte zapatuko mobilizazioan parte hartu zutenek, hala nola 150 metroko bidegorri "erabat isolatu bat" egitea, aparkaleku kopurua murriztea, zuhaitzak moztea, lorategiak kentzea eta auzoko zaborren edukiontzi guztiak puntu bakar batean kontzentratzea.
Hori guztia dela eta, protesta abiatu duten auzokideek ez dute baztertzen mobilizazio gehiago egitea.