Lehen mailako arretan zabiltzaten medikuontzat, zer dakar honelako pandemia batek?
Gaur egun kontsulta guztiak telefonoz bidezko iragazkitik pasatzen dira. Arnasbideetako gaixotasunak dituztenak Bidezabalera bidaltzen ditugu, oso sintoma arinak ez badituzte; bigarren kasu horretan guk geuk egiten diogu gaixoari jarraipena. Eta bestelako gaitzak dituztenekin banan-banan erabakitzen da zerbait aholkatu behar diegun, errezeta egin, hona etortzeko esan... Helburua da osasun-zentroa kutsa dezakeen jende asko ez mugitzea, COVIDa duen gaixo asintomatiko baitago, eta ez dadila jende asko ibili kalean oro har. Izenak apur bat arraro eman dezake, baina guk "gune garbi" eta "gune zikin" kontzeptuak erabiltzen ditugu. Zikinera bideratzen ditugu arnasbideetako patologiak dituzten guztiak. Beharbada COVIDa dute edo beharbada ez, baina gaur egungo epidemia-testuinguruan, hasiera batean behintzat, aukera hori dagoela pentsatu beharra dago. Eta gure eskualdean, gune zikina Bidezabaleko anbulatorioa da.
Deskribatu duzun protokolo hori guztiz berria da, epidemia honetarako ad hoc pentsatua, edo aurreikusita zegoen inoiz horrelako zer edo zer egin beharko zela?
Berria da. Izan ere, martxan ipini zenerako alarma-egoera ezarrita zegoen. Eta uste dut bete-betean asmatu dela, arnasbideetako gaixoak eta gainerakoak bereizita.
"Birusak ustekabean harrapatu gaitu medikuak, eta Europako osasun-administrazioak"
Aurrekoan Quillermo Quindós mikrobiologoak esan zigun OME aspaldi dabilela ohartarazten honelako pandemia baten arriskuaz. Ustekabean harrapatu zaituzte medikuak, edo zain zeundeten?
Ustekabean harrapatu gaitu medikuak eta ustekabean harrapatu ditu Europako osasun-administrazio guztiak, gutxi-asko. Ondoren nork bere erara erantzun du, eta ez naiz hasiko batzuei kritika egiten eta besteak goraipatzen. Baina ezustean harrapatu gaituela egia da. Orain dela urte batzuk birus honen lehengusuaren epidemia egon zen, SARS, Asian; hura apur bat zabaldu zen baina gutxi gorabehera lokala izan zen, eta uste dut denon gogoan zegoela, nirean bai behintzat, honekin ere hala gertatuko zela. Baina zabalkundea ikaragarria izan da. Birus hau oso erraz kutsatzen da, eta hori gehitzen badiozu gaur egun bidaiatzeko dagoen erraztasuna... Leherketa baten modukoa izan da.
Ziurgabetasuna sumatzen duzu? "Noiz arte" galderari ezin erantzun gabiltzala ematen du...
Birus hau berria da, eta gainera jokabide berezia du. Kutsatzen direnak asintomatikoak izan daitezke, edo gaixotasun arina, ertaina edo larria eduki. Denek sortzen dituzte antigorputzak, eta antigorputz horiek immunitatea ematen dute, baina ez dakigu noiz arte irauten duen immunitate horrek, hori jakiteko azterketa erretrospektiboa egin beharko delako. Beraz, hori inkognita da oraindik. Erreferentziak 2002ko SARSarenak dira, eta badirudi harekiko immunitateak urte bat edo bi irauten zuela, pertsona bakoitzak sortutako antigorputz-kopuruaren arabera. Baina hori ustea baino ez da, ez dago ezer seguru esaterik. Eta bitartean, zer? Bada, saiatu behar dugu gaitzaren beste pizte handi bat ahalik eta gehien atzeratzen, txertoa garatu arte. Edo gerta daitezela kutsatzeak, baina astiroago, ez oraingoan bezain bortitz.
"Gutxienez herritarren %70ek birus batekin harremana izan badu eta antigorputzak eratu baditu oso zaila da beste uhin epidemiko bat agertzea"
Zertarako?
Bi gauzatarako. Bata, osasun-sistemak ondo egin ahal izateko aurre, batez ere kasu larriei dagokienez. Bestetik, talde-immunitatea sortzeko. Kalkulatzen da gutxienez herritarren %70ek birus batekin harremana izan badu eta antigorputzak eratu baditu oso zaila dela beste uhin epidemiko bat agertzea. Banakako kasuak egongo dira, baina ez piztaldiak.
Koronabirus honek mutatzeko gaitasun txikia ei du, eta hori ona da. Urteroko gripea, esaterako, urtero mutatzen da eta urtero gaixotzen gaitu.
Horregatik egin behar dira txerto berriak urtero. Hau berriz, zenbat mutatzen da? Antza denez gutxi, baina berriz diot, antza denez. Eta hori ona da. Antigorputzak birusaren "argazki" zehatz batentzat sortzen baitira, argazkia aldatuz gero, hau da, birusaren genoma aldatuz gero, antigorputzak ez du balio. Dena dela ez gaude seguru, orain hasi gara birus hau ezagutzen.
Zientzia ahalguztiduna dela pentsatzeko joera dagoen honetan, apaltasunez jokatu beharra dagoela ere gogorarazi digu honek?
Apaltasuna beti da beharrezkoa. Medikuntza zientzia esperimentala da, hau da, esperimentatzea behar du. Baina metodo zientifikoaren arabera egin behar dira azterketak, eta horrek denbora eskatzen du. Zer gertatu da birus honekin? Oso berria zela eta lehendik genekizkien gauza batzuk aplikatzeko modukoak direla, baina ez denak. Adibidez: pandemiaren hasieran gaixo larrienei ematen zitzaien tratamendua eta orain ematen zaiena ez dira berdinak, bitartean ikasi egin dugulako nola eragiten dion birusak gorputzari.
"Uste dut gizartean aldaketa egongo dela, nork bere osasuna zaintzeko duen erantzukizunaz kontzienteago izango garela"
Uste duzu gure bizitza, edo behintzat osasun publikoarekiko dugun jokabidea betiko aldatuko duela honek? Edo pare urte barru ahaztuta?
Ez dut uste ahaztuko zaigunik, besteak beste administrazio publikoek erreakzionatu beharko dutelako. Ez dugu inola ere baztertu behar beste gaixotasun baten epidemia bat gerta daitekeela, honen antzekoa. Hori kontuan izan behar dugu. Esango nuke dut hau "ondo" etorri zaigula, oso komatxo lodiz idatzita, apur bat bizkortzeko. Estrategikoki prest egon behar dugu, badaezpada egoera hau errepikatu egiten den. Eta uste dut gizartean ere aldaketa egongo dela, nork bere osasuna zaintzeko duen erantzukizunaz kontzienteago izango garela. Beharbada gure errua izan da, osasun-sistemarena, "zuek lasai, guk sendatuko zaituztegu eta" esateagatik. Bai, sendatuko zaituztegu, baina...
EHUko eta beste ikergune batzuetako zientzialariek garatutako testen inguruan eztabaida handia dago. Zer diozu?
Ez daukat horretaz informazio askorik, baina Osasun sailburuak esan zuena, adibidez, kontuan hartzekoa da: testak edukita ere, pertsonengan erabiltzeko balioztatu beharra dago, antolatu behar da test horien zirkuitua, datuen erabilera... Ez da hain erraza. Argi dago test gehiago egin beharra dagoela, asko egin behar dira. Nik arazo handi bi sumatu ditut epidemia honi lotuta: bata, konfinamendua berandu hasi zela., eta bestea oso test gutxi egin direla, arrazoia edozein dela ere.
Konfinamenduari dagokionez: beharrezkotzat jotzen da, baina badu horrek ere eragina osasunaren aldetik.
Noski. Psikologikoak, zer esanik ez. Bestelakorik? Ez gara mugitzen, eta hori ere arazoa da. Medikuok behin eta berrio esaten diegu diabetikoei, bihotzeko gaitzen bat dutenei... egunero paseoa egin behar dutela, eta hara, orain ezin. Horrek kalte egiten dio osasunari, jakina. Baina une kritiko batean konfinamendua lehenetsi behar izan da. Eta pertsonalki pentsatzen dut apur bat gehiago luzatu beharko litzatekeela.
Zer ba?
Luze dirau eta luze egiten ari zaigu, baina proposatu duten normaltasunera bueltatze mailakatua goizegi egiteko eta gaitzaren beste pizte bat izateko (ez hain handia) arriskua dago. Irudipena baino ez da, ez daukat daturik ziurtatzeko.
"Harrigarria eman dezake hau esateak, baina ona da apurka denok kutsatzea, talde-immunitatea sortzeko"
Hala ere, esan da terapia edota txertoa izan arte hainbat muga ipiniko zaizkiela gizarte-jarduerei. Ez da izango ezagutzen genuen guztiz bezalakoa.
Bai, baina kalera askotxo irteten hasiko gara. Harrigarria eman dezake hau esateak, baina ona da apurka denok kutsatzea, lehen esan dudanagatik: talde-immunitatea sortzea. Baina zenbat eta kutsatzeak beranduago gertatu, hobeto, batez ere kasu larriak, gehiago ikasi ahal izango dugulako birusak zeluletan eragiteko duen mekanismoez, sortzen diren konplikazio larrien zergatiez, tratamenduez... eta beharbada, kasu larrienak ez dira hain larriak izango. Bestalde, jabetzen naiz ezin daitekeela ekonomia luzaroan geldiarazi. Ez dut horretaz iritzirik emango, baina herritar modura hori ere kontuan izan beharrekoa da. Ez da erabaki erraza, baina mediku legez, eta ikuspuntu epidemiologikotik, uste dut apur bat gehiago itxaron behar zela.
"Medikuen Elkargoak, eta beste batzuek, dagoeneko mahai gainean ipini dugu aldi luze baterako lehen mailako arreta indartu beharko dela"
Lehen mailako arretako medikuei zer datorkizue orain?
Lan-karga handia. Kontsultak berriro normaltasunez egiten hasten garenean, momentu horretako gaixoak artatu beharko ditugu, hilabete hauetan egiteke geratu diren kontsultak egin (gaixo kronikoenak batez ere), eta COVIDaren inguruan egingo den azterketa epidemiologikoaren probak. Eta egin beharra dago, noski. Hori dena lehen mailako arretara etorriko da, eta behiak ematen duen esnea ematen du, ez gehiago. Medikuen Elkargoak, eta beste batzuek, dagoeneko mahai gainean ipini dugu aldi luze baterako lehen mailako arreta indartu beharko dela.
Zer beharko da?
Dirua, eta langileak.
Badago kontratatzeko moduko mediku nahikorik?
Egia esan, azken boladan apur bat estu genbiltzan. Baina egon badaude. Lizentziatuak daude, BAME programara (barneko mediku egoiliarra) sartzeko zain. Pare bat egunerako emango lukeen beste eztabaidagai bat da hori, BAMEera sarbidearena, baina tira.
"Maskarak derrigorrezkoak izan beharko lirateke leku itxietan"
"Nire ustez maskara kirurgikoa eraman behar lukete, derrigorrez, leku itxietan sartzen diren pertsona guztiak. Supermerkatuetan, garraio publikoan... Maskara horiek nire aurrean dagoena babesten dute, ez ni. Denok erabili beharko genuke, supermerkatuan gaudela hitz egiten dugunean, eztul egitean, gero eskuekin hartuko ditugun arrain-latan birusa uzten dugulako. Gero horiek eskularruekin hartuko ditugula? Edo ez. Maskara izanez gero ez dugu kutsatuko, ez hori ez aldamenean dugun pertsona. Alde horretatik ez dute balio FFP 2 eta FFP 3 maskarek, balbula dutenek. Balbula horiek kanpotik barrura babesten dute, baina barrutik kanpora oso gutxi. Ez dira maskara solidarioak, nolabait esatearren".