Berango Lurraren Defentsan kolektiboa

"Gure ingurune naturala eta nekazaria porlanez betetzeari uzteko garaia da"

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 13:44
Joan den martxoaren 27ko manifestazioa. © BERANGO LURRAREN DEFENTSAN

Berangok bizi duen hirigintza-hazkundearen harira, Berango Lurraren Defentsan kolektiboak gogor kritikatu ditu joan den martxoaren 31n argitaratutako artikuluan alkateak egindako adierazpenak, eta gutun irekia argitaratu du sarean, hemen irakur daitekeena osorik. Talde ekologistak zalantzan jarri ditu udal-arduradunaren baieztapenak, eta, berriro ere, salatu du udalerriaren hirigintza-eredua, baita gune naturalak defendatu ere.

Berango Lurraren Defentsan kolektiboak gogoratu duenez, joan den martxoaren 27an 200 pertsona baino gehiago mobilizatu zen Berangon Udalaren hirigintza-proiektuaren aurka egiteko. Azpimarratu duenez, udalerrian 2.326 etxebizitza eraikitzea aurreikusita dago, gaur egun daudenen kopurua ia bikoiztuz. Kontuak hala, talde ekologistaren arabera, kopuru hori "neurrigabekeria galanta" da. Era berean, nabarmendu du, beren ustean, daborduko berangoztarrek beharrezkoa duten babes-etxebizitzaren eskaera bermatuta dagoela. Halaber, kideek deitoratu dute zaurgarritasun egoeran dagoen edo erosteko gaitasuna ez duen jendeak ez duela aukerarik aurreikusitako etxebizitza horiek eskuratzeko, Babes Ofizialeko Etxebizitzak baimendutako preziorik garestienean salmentan jarri ei direlako –200.000 euro inguru–.

Alokairuzko etxebizitza sozialak eraikitzearen aferari dagokionez, talde ekologistak mahai-gainean jarri du Etxebarriko eta Otxabeneko birpartzelazioen ondorioz Udalak hiru partzela jaso dituela, eta horietan mota horretako proiektuak garatzeko deia egin dio Udalari. Horren harira, kolektiboak deitoratu du udal-agintariek partzela bi saldu eta hirugarren bat Moreaga parkeko Icaza jauregiagatik trukatu dituela. Azken operazio horren kasuan, taldeak salatu du "enpresak ezarritako prezio baten truke" egin zela trukaketa: "Eraikinean ez zen tasatzailerik sartu haren egoera ikusteko". Are gehiago, bere garaian Udalak adierazi zuen arren ekipamendu kultural bat bat egin zitekeela bertan, azpiegitura horretako proiektua bera zalantzan jarri dute ekologistek: "Kasualitatez, trukea egin zen eraikuntza-enpresari ondo zetorkionean Otxabenen eraikitzeko lur gehiago izatea. Jauregia itxita egon den eta erabili ez den 40 urteetan, ezer ez, Udalak ez du eraikina erabiltzeko proposamenik egin. Orain ere, ez dago plan argirik zer erabilera emango zaion zehazteko. Horrek trukerako benetako motibazioaren susmoa zein ote sortzen du".

Udalak gordetako lur-partzelari dagokionez, Berango Lurraren Defentsan taldeko kideek azpimarratu dute udal-arduradunak "legez kanpo" saltzen saiatu zirela hori, eta salerosketa horri jarritako alegazio batzuei esker, operazioa baliogabetu egin zela. Hori dela eta, horren aurretik, beste bi partzela legez saldu eta trukatu izana zalantzan jarri dute.

Nekazari-eremuen harira, etxebizitza berriak eraikitzen ari diren guneetako lurrak jabetza pribatuak izan direla beti eta horietan ez dela inolako nekazaritza-esplotaziorik egon inoiz azpimarratu zuen martxoan Anabel Landa alkateak. Horren aurrean, baina, Berango Lurraren Defentsan kolektiboak adierazi du Otxabenen, "historikoki", abeltzaintza eta baratzeak egon direla, "eta, gaur egun ere, bere garaian fruta-arbolen ustiapena egon zela adierazten duten zuhaitzak identifika daitezke. Eta ez hori bakarrik, iaz arte larreetako belarra moztu egiten zen ganadua elikatzeko. Etxebarrin ere baratzeak eta fruta-arbolak zeuden".

HAPOa, iraungita

Legeari dagokionez, Berango Lurraren Defentsan taldeak beste behin ere salatu du Eusko Jaurlaritzak 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek ez dutela uzten Berangon hainbeste etxebizitza eraikitzen. Horrez gainera, ekologistek adierazi dute Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzial (LPP) berria idatzi duten teknikariek euren txostenetan esaten dutela ezin dela Otxabenen eta Otxandategin eraiki, "hirigunetik urrun dagoelako". Bere aldetik, martxoan, alkateak defendatu zuen gaur egungo araudi osoa bermatuta dagoela eraikitze horiek egiteko, eta gogoratu zuen etxebizitzok 2011ko HAPOan aurreikusita egon direla, eta ordutik jakina zela non eta nola eraikiko ziren.

Horren aurrean, kolektibo berangoztarrak gogoratu du HAPOa urte bi daroatzala iraungita, eta galdegin du ea zergatik ezin daitekeen egin HAPOari moratoria bat, eta LPP argitaratu arte itxaron: "Ba al dauka benetako zentzurik orain dela hamar urte sinatu zen iraungitako dokumentu batek jasotzen duenari kasu egiten jarraitzeak?".

Azkenik, publiko egindako gutun irekian, taldeak azpimarratu du garapenaren mugak daborduko gainditu egin direla udalerrian, "gure ingurune naturala eta nekazaria porlanez betetzeari uzteko garaia da. Berangoko hazkunde urbanistikoari dagokionez, muga hori jada gainditu da".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun