Berangoko lantegiko beharginen % 40 kaleratu gura ditu Alconza Irizar Group enpresak; izan ere, 38 pertsona kalean uztea aurreikusten duen enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztu du zuzendaritzak. Horren aurrean, langileek greba mugagabea abiatu zuten joan den otsailaren 28an eta, egunotan, hainbat ekimen burutu dituzte. Azkena, zapatuan, hilaren 12an, egin zuten manifestazioa.
Berangoko joaldunek ireki zuten mobilizazioa, eta, borrokan dauden langileakaz batera, udalerriko eta inguruetako ehunaka pertsona batu zitzaien manifestaziora. Udaletxetik abiatuta, Alconzako lantegitik igaro eta Berangoko frontoian amaitu zuten ibilaldia. Bertan, grebalariek eskerrak eman zizkieten bertaratutako guztiei, eta argi utzi zuten zutik borrokatzen jarraituko dutela euren lan-baldintzak suntsitu eta prekarizatu gura dituen patronal baten aurrean: "Borroka honetan ezinbestekotzat ikusten dugu bide hau zuekin bat egitea. Borrokaren gordintasunean, herriaren samurtasuna izan dadila gure hauspoa eta bulkada".
#Alconza lantegiko beharginek babes zabala dute gaurko mobilizazioan.
— Iker Rincon (@irincon_) March 12, 2022
Otsailaren 28an hasi zuten greba mugagabea langileen kaleratzeen aurka eta enpresaren bideragarritasuna bermatuko duen plangintza baten alde. pic.twitter.com/eM1hD7iIop
Langileek gogoratu zutenez, garrantzi handiko enpresa da Alconza Berangon, urte askoan udalerriko eta inguruetako herritarrak bertan lan egin eta lan egiten dutelako. Hala, azpimarratu zuten orain martxan jarritako borrokak "etorkizuneko enplegua" ekarriko duela.
Halaber, Berangoko lantegia erosi zuen Irizar Taldearen jokabidea gogor salatu zuten langileek, eta lanpostuen % 100 bermatuko duen plan-industriala ezar dezala exijitu zioten. Are gehiago, azpimarratu zuten zortzi urteotan Alconzako kutxan zegoen dibidenduak banatu ondoren, zuzendaritzak proposatutako "berrabiarazte-plana" 38 pertsona kaleratzean oinarritzea ez dela zilegizkoa: "Aurkeztutako irtenbidea ezin da oinarritu lanpostuen suntsipenean. Plan-industrial on bat produkzioan eta pertsonalean zein medioetan oinarritzean datza. Hori barik, ezerk ez du funtzionatuko, eta itxierara eramango gaitu".
Horren guztiaren aurrean, deitoratu zuten oraindino Irizar Taldeko arduradunek ez dutela asmorik agertu eurakaz batzeko eta negoziatzeko. "Modelo kooperatiboa ez da oinarritzen elkar-laguntzaren, arduraren, demokraziaren, berdintasunaren, ekitatearen eta solidaritatearen baloreetan? Non geratu dira horiek?", galderak mahai-gaineratu zituzten, baina gauza bat argi utzi zuten: "Argi gelditu dena da euren utzikeriak eraman gaituela egoera honetara. Eta, beti bezala, ondorioak betikoek ordaintzea nahi dute; hau da, langileok".
Hori guztia dela eta, zuzendaritzak aurkeztutako EEE-a kentzea eta Alconzak "iraganean izandako erreferentzia" berreskuratzeko plan-industrial bat negoziatzeko eser daitezela eskatu zuten.