Alconzako langileak borrokan

Bilera-eskaeraren aurrean Irizar Taldeak "entzungor" jarraitzen duela salatu du Alconzako enpresa batzordeak

Iker Rincon Moreno 2022ko mar. 31a, 09:44

Ormaiztegira joan ziren atzo Alconzako langileak. © LAB

Atzo, martxoaren 30ean, akordiorik gabe amaitu zuten negoziazio-epea Alconzako enpresa batzordeak eta Irizar Taldeak. Hala, langileak 31 egun greban zeramatzatenean, Ormaiztegira (Gipuzkoa) joan ziren Berangoko lantegiko beharginen egoeraren nondik norakoak, kezkak eta bilera bat eskatzeko gutun bat helarazteko Irizarreko zuzendaritza batzordeari eta Kontseilu Sozialari. Halere, deitoratu dute arduradunek ez zutela gutunak jaso gura izan.

Beste behin ere, Berangoko Alconza lantegiko jabetza duen Irizar Taldeak uko egin dio enpresa batzordeagaz batzeari. Atzo, martxoaren 30ean, berangoztarrak Ormaiztegira (Gipuzkoa) joan ziren Irizarreko zuzendaritza batzordeari eta Kontseilu Sozialari formalki bilera bat eskatzera. Horretarako, gutun bat helarazi gura izan zieten arduradunei, "baina ez dituzte ezta gutunak jaso nahi izan", salatu dute langileek.

Horren aurrean, Alconzako enpresa batzordeak Irizarren jarrera salatu du berriro ere: "Larria iruditzen zaigu langileokin biltzeari uko egitea. Argi geratu da, langileok zubiak eraiki nahi ditugun bitartean, beste aldeak zubi horiek dinamitatzen dituztela".

Irizar Taldeak enplegu erregulazio-espediente (EEE) bat ezarri gura du Berangoko Alconza lantegian eta, ondorioz, 38 langile kaleratze-arriskuan daude. Beharginek behin eta berriro eskatu diote zuzendaritzari eurakaz biltzeko nahia dutela, egoeraz eta konponbideaz aritzeko. Halere, arduradunek "inoiz" ez diote erantzunik eman eskaera horri, deitoratu dute langileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun