Joan den otsailaren 28an abiatu zuten Alconzako langileek greba mugagabea, "gure lanpostuen eta enpresaren etorkizunaren alde". Daborduko 22 egun pasa dira, eta gogoratu dute euren familien etorkizuna ez ezik, "Berangoko eta eskualdeko enplegua" babesteko borrokan ari direla.
Astez asteko borroka enplegu erregulazioko espedientearen (EEE) mehatxupean eta enpresako zuzendaritzak negoziazio-mahaian egiten ari den "joko zikinaren" pean egin behar izan dutela salatu dute beharginek. Horren aurrean, deitoratu dute enpresaren jarrerak helburu bakarra duela: "Langileak etsitzea eta gure familien zaurgarritasunarekin jolastea".
Alde biak negoziatzeko kontsultak egin dituzte eta, horietan, langileek azpimarratu dute zuzendaritzak ez duela Alconzaren etorkizunaren aldeko apusturik egin, "lanpostuak suntsitzea besterik ez du proposatzen". Bitartean, gogoratu dute eurek behin eta berriro mahai-gaineratu dutela egoerari irtenbidea emateko neurri koiunturalei buruz berba egiteko euren prestutasuna. Hala, jakinarazi dute sindikatuek proposamen zehatza egin ziotela zuzendaritzari.
Proposatutakoen artean, lehendabiziko neurria EEEa bertan behera uztea da, "ezinbesteko baldintza da hori hurrengo puntuen inguruan hitz egiten jarraitzeko". Hala, hori bermatuz gero, zuzendaritzak etorkizuneko industria-plan bat aurkez dezan aldarrikatu dute, besteak beste enpresaren bideragarritasunerako eta, gutxienez, egungo lanpostuei eusteko beharrezkoak diren inbertsioak bermatzeko. Halaber, aldi baterako enplegu erregulazioko espediente bat negoziatzeko prozesu bat irekitzeko prestutasuna agertu dute langileek, betiere hori amaituta enplegua mantentzeko bermea egonda eta osagarriak jarrita. Halaber, 1967ra arte jaiotakoentzat borondatezko aurre-erretiroak planteatu dituzte, eta erretreta horiekaz suntsitutako lanpostuak berreskuratzen ez diren bitartean aparteko ordurik ez egiteko eta Alconzak gaur egun egindako lanak ez azpikontratatzeko bermea egotea eskatu dute.
Alabaina, proposamen horiek guztiak mahai-gainean jarri arren, enpresaren erantzuna "ezezko borobila" izan dela deitoratu dute langileek, eta, horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari erreferentzia eginez, salatu dute erakundeek onargarritzat hartzen dutela enplegua suntsitzea: "Bizi dugun egoerak kezkatzen eta arduratzen dituela esaten digute, baina Alconzako langileok ekintzak nahi ditugu. Gertakari horiek enplegua bermatu behar dute, eta horrek esan nahi du Alconzako langileen lanpostuak ere bermatu behar direla. Izan ere, badirudi enpresa pribatuak diru publikoarekin finantzatzeko ez dagoela inoiz arazorik".
"Arazoari aurre egiteko garaia da"
Langileek nabarmendu dute egoerari irtenbidea emateko planteamenduak ezin duela enplegua suntsitu. Are gehiago, azpimarratu dute industria-plan bat ekoizpenean eta inbertsioetan oinarritu behar dela, "hori gabe, ezerk ez du funtzionatuko, eta programatutako itxiera batera eramango gaitu".