Berango Lurraren Defentsan taldeak ohar baten bidez zabaldu duenez, aurretik ere akordio horren aurkako alegazioak aurkeztu zituzten, baina, horiek ez zirenez onartu, epaitegietara jotzea erabaki dute, "gure ustez legez kanpoko zantzu argiak baititu akordio horrek".
Salatzaileek azaldu dutenaren arabera, Icaza jauregia Sistema Orokorra bezala izendatuta dago, eta, ondorioz, "Udalak hori eskuratzeko dituen bideak dohainik eskuratzea da birkalifikatu edo birpartzelatzen denean, edo desjabetzea, diruz ordainduta. Hau da, ezin duela trukea bidez eskuratu".
Horri lotuta, gainera, AS-2 sektorearen plan bereziaren memorian "irregulartasun zantzu sendoa" dagoela deitoratu dute ekintzaileek. Zabaldu dutenez, 'Kudeaketa Sistema' atala, azpiegitura hori nola eskuratzen den azaldu behar duen tokian, aurkibidean agertzen da, "baina dokumentuan ez".
Salaketa horren bidez, Berango Lurraren Defentsak taldeak azpimarratu du udalerriaren "interesak defendatu" gura dituela, "gure ustez, akordio honek Amenabar (Inmogroup enpresaren jabea) taldearen interesak asetzen ditu, Berangoko auzokideon interesen kaltetan".
Hori dela eta, epaiketa-gastuei aurre egiteko laguntza eskatu dute talde ekologistakoek. Horretarako, elkartasun zozketa bat antolatuko dutela iragarri dute.