Elkarrizketak

Anabel Landa: "Niretzat funtsezkoena izan da HAPOa onartzea. Horrek eman digu aukera aurrera egiteko"

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 26a, 15:06

Anabel Landa 2007tik da Berangoko alkate.

Anabel Landa tokiko politikatik erretiratuko da 16 urteren ondoren, elkarren segidako lau legegintzaldi atzean utzita. Berangoko aginte-makila hartu zuen aurrenekoz 2007an, eta alkate izateari utziko dio datorren maiatzeko udal-hauteskundeen ondoren, egindako guztiagaz lasai eta pozik. Bidea, baina, gorabeheratsua izan dela diosku, erronkaz betetakoa: krisialdi ekonomiko bi, suteak, uholdeak, pandemia... Lau legealdi horietan bizi izandakoaz aritu gara oraingoan Landagaz.

Zelan baloratzen duzu azken lau urteotako legegintzaldian egindako ibilbidea?

Azkenengo lau urteetakoa nahiko gogorra izan da, pandemia dela-eta batez ere. Nire sentsazioa da ia urte bi galdu ditugula, eta, ondorioz, erronka handia izan da gure agintaldi-planean ezarritako helburuak burutzea. Konfinamenduaren ostean zalantza izan genuen, eta gure helburuen maila jaistearen edo guztiagaz aurrera jarraitzen ahalegintzearen artean hautatu behar izan genuen, eta bigarrena aukeratu genuen. Esan genuen gure espektatibak ez genituela murriztuko eta beharren arabera azalpenak emango genituela. Emaitza? Amaierara heltzea lortu dugu, eta gure helburuak bete ditugu, baina atzerapenagaz. Hartara, uneotan, amaituta izan beharko genituzkeen obra guztiak ez daude amaituta, beranduago hasi ditugulako, baina den-denak daude martxan.

Zailtasunez eta gorabeherez betetako legegintzaldia izan da azken hau, hala nola aipatu duzun covid-19aren pandemia eta krisi ekonomikoa; zelan egin dizkiezue aurre Berangoko Udalean?

Pandemiaren momenturik gogorrenetan ez genekien zelan jokatu, eta genekien apurra egiten saiatu ginen, Jaurlaritzagaz eta Aldundiagaz elkarlanean. Egunez egun momentuko erabakiak hartu behar ziren. Gogorra izan zen, baita ikusi genituen egoerak ere. Gogoan dut haien bizitza osoan gizarte zerbitzuetara hurbiltzeko beharrik izan ez duten familiak eta pertsonak artatu behar izan genituela. Askok, autonomoak eta enpresariak batez ere, lan egiteari utzi behar izan zioten, eta diru-laguntzak atzeratu ziren. Hartara, horiei guztiei lagundu beharra zegoen. Erregulatutako laguntzak heldu aurretik irtenbideak hartu behar izan genituen Mankomunitatean, adibidez supermerkatuetarako bonuak; horiek banatu genituen beharra zutenen artean.

Legealdi honetan ere, gainera, baso-sutea izan dugu, ez 2015ekoa bezain larria, baina egoera horiek beti dira gogorrak. Gainera, krisia eduki dugu, eta badaukagu, baina krisialdi ekonomiko larri batetik gatoz, eta oraingoa ez dut uste horrenbeste sufritu dela herrian.

Hartutako erabaki guztietatik zer sentsaziorekin gelditzen zara? Herriak zelan baloratu izan ditu erabaki horiek?

Lasai nago. Inkestak eta galdetegiak egin ditugu Udalak emandako zerbitzuekiko auzokideen asebetetze maila ezagutzeko eta, egia esan, oso erantzun ona izan dugu. Beraz, lasai nago, bai. Beti egin daiteke gehiago, baina herritarren erantzuna positiboa izan da.

Gobernu-taldeak aurrera eramandako proiektu guztien artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Egindakoetatik bat nabarmenduko nuke: Kurtze auzoaren birmoldaketa. Nire aurretik egon zen alkatea saiatu zen hori bideratzen, orain dela 17 urte, baina orain arte ezinezkoa izan da, auzokideen arteko adostasunik ez delako egon.

Bestalde, Icaza jauregia herriarentzat lortzea nabarmenduko nuke. 2008an orduko jabeei balorazioa eskatu genien, beti argi izan dudalako eraikin hori herriarena izan behar dela. Eskerrak orduan ez genuela lortu, krisialdia etorri zelako ondoren; orain, baina, agintaldi honetan lortu dugu jabetza, eta horren birmoldaketarako aurrekontua dugu.

Azkenik, Sabino Arana kalearen urbanizazioa aipatu gura dut. Izugarrizko zarata egon zen obra hori planteatu genuenean, eta orain ikusten ari gara emaitza. Lehen, bide arrunt bat zen, herri bat gurutzatzen zuena, eta, orain, bizitza dago eremu horretan. Are, horren berotasunera enpresak etorri zaizkigu, hala nola kale horren amaierako aldera, lehen diskoteka zegoen eremu horretara. Proiektu horren hirugarren fasea falta zaigu, laster abiatuko duguna, inguru horretako enpresei eta artekoei zerbitzua emateko, hala nola argiteria, espaloiak, aparkaleku plaza batzuk… Lana dago bertan.

Zelakoa da gaur egungo egoera Udalbatzan?

Hemen, leku guztietan bezala, euren burua alternatiba moduan ikusten duten oposizioko taldeekiko harremana zaila izan ohi da. Ez dakit zer esan, baina, zintzotasunez, ikusten dudana da lan falta. Ez dakit interes falta den, baina, adibidez, aurrekontuak onartu ditugu emendakin bakar bat gabe. Ezezkoa eman dute oposizioko talde batzuek, baina ez dute emendakinik aurkeztu, eta horrek harritu egiten nau. Ez du balio esatea gehiengoa dugunez nahi duguna egingo dugula, ez. Izan ere, proposamenen artean egon daiteke beti onartu dezakegun ideiaren bat; 10 buruk hobeto edo gehiago pentsatuko dute zazpik baino.

"Emakumeen presentzia Berangoko Udalean beti izan da handia. Gure alderdian, eta beste batzuetan ere, emakume indartsuak egon dira"

Udalean egindako bidean, hainbat legegintzaldi hartu dituena, zein izan da zure erronkarik nagusiena politikari dagokionez?

Pertsonalki, erabakiak hartzea. Kargu honetan erabakiak hartu behar dira, argi dago, eta hartuko direnak ez dira guztien gustukoak izango. Hala, gehiengo baten onurarako egiten saiatzen naiz.

16 urtez egon naiz alkate Berangon, eta niretzat funtsezkoena izan da HAPOa onartzea. Horrek eman digu aukera aurrera egiteko. Ni 2007an sartu nintzen Alkatetzara, eta handik lau urtera, 2011n, behin betiko onartu genuen plan hori. Epe laburrean egin genuen, egia da, baina lantzea eta onartzea lortu genuen. Hala, Berango gaur egun dena izateko baliabide garrantzitsuena horixe izan da. Hori ere ez zen guztien gustukoa izan, baina, gehiengoaren iritzia kontutan hartuta, hori ontzat ematen dut.

Nire lehenengo agintaldian gehiengo osoa izan genuen, baina, niretzat, hori ez zen baliozkoa, garai hartan ezker abertzalea ezin izan zelako hauteskundeetara aurkeztu. Ondorengo bi legealdietan bost zinegotzigaz egon gara; azkenengoa, 2019koa, aldiz, HAPOaren oinarrizko alderdi batzuk garatu ostean, gehiengoa lortu dugu berriro ere. Beraz, nik uste dut plan hori onuragarria izan dela herriarentzat, eta auzokideek horrela ulertu dutela.

Trabarik handiena urteotan guztietan, zein izan dela esango zenuke?

Zailtasunak ahaztu egiten dira, baina sentimenduak bai nabarmentzen dira. 2007an Udalean hasi nintzenean eta hurrengo urtera izugarrizko uholdeak izan genituen Berangon. Irudi bat dut buruan sartuta, eta da nire auzokide batena bere etxean bularreraino uretan sartuta, eta bere inguruan umearen jostailuak, fruta… etxeko gauza guztiak. Horrek markatu ninduen, baita ondoren izan ditugun suteak ere, 2015koa batez ere, eta, nola ez, pandemia. Horiek gauzak dira niri markatuta utzi nauten gauzak, nire esku egon ez direnak.

Beste gauza guztiak erronkak izan dira, gogorragoak edo arinagoak, baina erronkak azken finean, hala nola 2010ean kreditu bat eskatu behar izan genuenekoa krisialdi ekonomikoan tokiko ekonomia apur bat mugitzeko. Garai hartan ez genekien zor horri aurre egin ahal izango genionik, baina eskatu genuen, inbertsioak egin genituen eta ordaindu dugu.

Alkategai izateari utzita, zer proiektu duzu buruan etorkizunerako?

Batzar Orokorretarako zerrendetan nago, baina ez dut profesionalki dedikaziorik izango. Ni funtzionarioa naiz Loiuko udaletxean, baina oraindik hilabete batzuk falta dira hara bueltatzeko. Nahi dudana da hemen oraindik egiteko ditudan gauzak ixtea.

Emakume gisa, zailtasunik izan duzu agintari gisa aritzeko?

Egia esateko, ez. Nire aurretik beste emakume bat egon zen alkate Berangon. Gainera, hemen, diktaduraren osteko agintaldi guztietan emakumeak izan ditugu Udalean, bigarren legealditik aurrera behintzat, hori ziur. Gizonak ziren alkate, baina 2000an emakume batek hartu zuen aginte-makila. Hartara, emakumeen presentzia Berangoko Udalean beti izan da handia. Gure alderdian, eta beste batzuetan ere, emakume indartsuak egon dira. Guk beti eduki ditugu emakumeak taldean, eta beste batzuek ere. Are, nire lehenengo agintaldian, eta oraingoan ere, Berdintasun Legea betetzeko moldatu behar izan genuen hautagai-zerrenda, emakume gehiago genituelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun