Ehunaka berangoztar atera dira kalera "aparkaleku hau ez dugu nahi!" aldarrien artean

Ander Zarraga 2025ko abu. 8a, 09:41

Hainbat herritarrek parte hartu zuten eguaztenean Berangoko Udalaren jarrera eta aparkalekuaren proiektua salatzeko manifestazioan. © LANTZARTE BIZIRIK

Lantzarte Bizirik auzo-elkarteak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten eguaztenean Berangoko kaleetatik, gobernu-taldea bultzatzen ari den aparkalekuaren proiektua gaitzesteko. Tokiko zein eskualdeko PSE-EE alderdia ere egitasmoaren aurka azaldu da eta EAJren jokabideagatik "ezinegona" adierazi du. Ildo berean agertu dira Berangoko Elkarrekin Podemos eta EH Bildu alderdiak ere; PPk ez du jarrera publikoki adierazi.

350 herritar baino gehiago atera ziren atzo Berangoko kaleetara Udala Lantzarteko 2.400 metro koadroko berdegunean egiten ari den aparkalekuaren eta errepidearen proiektuaren aurka. Lantzarte Bizirik auzo-elkarteak egin zuen deialdia, gobernu-taldeak (EAJ) izandako jokabidea gaitzesteko; izan ere, azaldu dutenez, makinak abuztuaren 4an sartu zituzten belardian, Santiago jaien erdian, baina Udalak oraindino ez diete plataformak proiektua eteteko jarritako helegiteei erantzunik eman.

Uribe Kostako zein Berangoko PSE-EE ere egitasmotik aldendu dira, baita Elkarrekin Podemos eta EH Bildu ere, eta EAJren jarrera gogor kritikatu dute. "Proiektu hori ez da adostu, inposatu baizik", adierazi dute sozialistek ohar bidez. PSE-EEren esanetan, udal-gobernuak ez du auzokideei agindutako prozesu parte-hartzailea egiteko hitza bete, eta lanak abiatu dituztelako PSE-EEko udal-bozeramaileari eta horiek geldiarazteko administrazio-errekurtso bat jarri duen elkarteari jakinarazi gabe. 

Bukatzeko, alderdi sozialistako kideek azpimarratu dute aparkaleku horrek kalte ekologikoak eragingo dituela, "hori justifikatzen duten abantailarik edo aukerarik eskaini gabe". Gauzak horrela, bestelako aukera batzuk aztertzea eta zelaia bere horretan mantentzea eskatu dute, "herritarrei ahotsa emanez eta azken erabakia benetako parte-hartze prozesu garden eta lotesle baten pean jarriz".

Berangoko Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiak, EAJ eta PP izan ezik, proiektuaren aurka azaldu dira. EH Bildu deitoratu du proiektua aurrera atera dutela bizilagun eta alderdiakaz adostu barik, eta salatu du "laborategiko herritarren parte-hartzearekin inposatu" dela, "40 bat baiezko botorekin egin ahal izateko".

Horrez gainera, koalizio abertzaleak obra "berehala gelditzea" eta auzokideei egindako legezko ohartarazpenak bertan behera uztea exijitu diote alkateari. Era berean, hitz egiteko borondatea "bene-benetan" ager dezala eskatu dio, "eta bere gain hartu zituen konpromisoak betetzea, bai auzokideekin bai alderdiekin".

Adierazpen horien aurrean, Itziar Aginagalde alkateak bere harridura azaldu du. Deia komunikabideak jaso duenez, udalburuak adierazi du bozeramaile sozialista "proiektuaren esleipena eta egikaritze prozesuaren berri izan duela uneoro". Aginagalderen arabera, errekurtsoaren aurkezpenaren berri ere eman zitzaion idatziz, eta "pena" adierazi du "jarrera hori alde bakarreko edo arbitrario gisa interpretatzeagatik". Udalak azpimarratu duenez, proiektua lurzoru publikoan garatzen ari da, udal-plangintza urbanistikoagaz bat, eta Kontratuen Legeari jarraikiz esleitu da.

Plataformaren errekurtsoak

Lantzarte Bizirik auzo-elkarteak uztailaren 18an jakinarazi zion Udalari administrazio-bidetik errekurtsoa aurkeztu zuela, 2025/0441 Alkatearen Ebazpena berrikusteko eskatzeko. Ebazpen horren bidez, TANDEM Arkitektura SLP-k idatzitako proiektua eta 358-2025 lanen esleipena onartu ziren, baina elkarteak ohartarazi du proiektua Berangoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) jasotzen den zehaztapen xehatuaren aurkakoa dela eta, beraz, ez dela legala.

Gainera, uztailaren 30ean bigarren dokumentu bat aurkeztu zioten Udalari lanakaz ez hastea eskatzeko, kautelazko neurria ebatzi bitartean. Hala ere, deitoratu dute obrak abiatu dituztela, herriko festen erdian ari ziren bitartean, eta elkartearen esanetan, "Udalaren entzungor politikoaren eta herritarren borondatearen aurka".

Gauzak horrela, auzo-elkarteko kideek Berangoko Udaleko alderdi politikoei eskatu diete jakinarazteko ea Berangoko gobernu-taldeak kontsultaren bat egin ote dien teknikariei edo zerbitzu juridikoei. Jakin gura dute ea Lantzarte Bizirik plataformak orain arte salatutakoa egia ote den eta gobernu-taldeari zehapenak edo zuzenketak ekar diezazkiokeen legezkontrakotasunen bat egiten ari den. "Aurreko puntuan adierazitako ezer zehaztu ez bada, egiten ari diren obrak geldiarazteko eskatzen dugu, elkarte horren komunikatuan adierazitakoen irismena zehaztu arte", gaineratu dute.


© LANTZARTE BIZIRIK

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun