Dozenaka berangoztar atera dira kalera "aparkaleku hau ez dugu nahi!" aldarrien artean

Ander Zarraga 2025ko abu. 7a, 09:41

Hainbat herritarrek parte hartu zuten atzo Berangoko Udalaren jarrera eta aparkalekuaren proiektua salatzeko manifestazioan. © LANTZARTE BIZIRIK

Lantzarte Bizirik auzo-elkarteak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten bart Berangoko kaleetatik, Udala bultzatzen ari den aparkalekuaren proiektua gaitzesteko. Eskualdeko PSE-EE alderdia ere egitasmoaren aurka azaldu da eta EAJren jokabideagatik "ezinegona" adierazi du.

350 herritar baino gehiago atera ziren atzo Berangoko kaleetara Udala Lantzarteko 2.400 metro koadroko berdegunean egiten ari den aparkalekuaren eta errepidearen proiektuaren aurka. Lantzarte Bizirik auzo-elkarteak egin zuen deialdia, gobernu-taldeak izandako jokabidea gaitzesteko; izan ere, azaldu dutenez, makinak abuztuaren 4an sartu zituzten belardian, Santiago jaien erdian, baina Udalak oraindik ez diete plataformak proiektua eteteko jarritako helegiteei erantzunik eman.

Uribe Kostako PSE-EE ere egitasmotik aldendu da eta EAJren jarrera gogor kritikatu du. "Proiektu hori ez da adostu, inposatu baizik", adierazi dute ohar bidez. Sozialisten esanetan, udal-gobernuak ez du auzokideei agindutako prozesu parte-hartzailea egiteko hitza bete, eta lanak abiatu dituztelako PSE-EEko udal-bozeramaileari eta horiek geldiarazteko administrazio-errekurtso bat jarri duen elkarteari jakinarazi gabe. 

Bukatzeko, alderdi sozialistako kideek azpimarratu dute aparkaleku horrek kalte ekologikoak eragingo dituela, "hori justifikatzen duten abantailarik edo aukerarik eskaini gabe". Gauzak horrela, bestelako aukera batzuk aztertzea eta zelaia bere horretan mantentzea eskatu dute, "herritarrei ahotsa emanez eta azken erabakia benetako parte-hartze prozesu garden eta lotesle baten pean jarriz". Era berean, Berangoko Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiak, EAJ eta PP izan ezik, proiektuaren aurka azaldu dira.

Adierazpen horien aurrean, Itziar Aguinagalde alkateak harridura azaldu du. Deia komunikabideak jaso duenez, udalburuak adierazi du bozeramaile sozialista "proiektuaren esleipena eta egikaritze prozesuaren berri izan duela une oro". Aguinadalgeren arabera, errekurtsoaren aurkezpenaren berri ere eman zitzaion idatziz, eta "pena" adierazi du "jarrera hori alde bakarreko edo arbitrario gisa interpretatzeagatik". Udalak azpimarratu duenez, proiektua lurzoru publikoan garatzen ari da, udal-plangintza urbanistikoagaz bat eta Kontratuen Legeari jarraikiz esleitu da.

Plataformaren errekurtsoak

Lantzarte Bizirik auzo-elkarteak uztailaren 18an jakinarazi zion Udalari administrazio-bidetik errekurtsoa aurkeztu zuela, 2025/0441 Alkatearen Ebazpena berrikusteko eskatzeko. Ebazpen horren bidez, TANDEM Arkitektura SLP-k idatzitako proiektua eta 358-2025 lanen esleipena onartu ziren, baina elkarteak ohartarazi du proiektua Berangoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) jasotzen den zehaztapen xehatuaren aurkakoa dela eta, beraz, ez dela legala.

Gainera, uztailaren 30ean bigarren dokumentu bat aurkeztu zioten Udalari lanakaz ez hastea eskatzeko, kautelazko neurria ebatzi bitartean. Hala ere, deitoratu dute obrak abiatu dituztela, herriko festen erdian ari ziren bitartean, eta elkartearen esanetan, "Udalaren entzungor politikoaren eta herritarren borondatearen aurka".

Gauzak horrela, auzo-elkarteko kideek Berangoko Udaleko alderdi politikoei eskatu diete jakinarazteko ea Berangoko gobernu-taldeak kontsultaren bat egin ote dien teknikariei edo zerbitzu juridikoei. Jakin gura dute ea Lantzarte Bizirik plataformak orain arte salatutakoa egia ote den eta gobernu-taldeari zehapenak edo zuzenketak ekar diezazkiokeen legezkontrakotasunen bat egiten ari den. "Aurreko puntuan adierazitako ezer zehaztu ez bada, egiten ari diren obrak geldiarazteko eskatzen dugu, elkarte horren komunikatuan adierazitakoen irismena zehaztu arte", gaineratu dute.


© LANTZARTE BIZIRIK

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun